Euskal Selekzinoak bost korrikalari izango ditu Munduko Kopako finalean

Bizkaie! 2019-10-17 09:45   Kirola

Sky Masters Limone Xtreme lasterketea urriaren 19an jokatuko da.

Mendi lasterketetako Euskal Selekzinoa Limone Sul Gardara (Alpeak, Italia) joan da egunotan, mendi lasterketetako Munduko Kopako finala jokatzera. Urte hasieran Eusko Jaurlaritzeagaz sinatutako akordioari esker, 2019ko kopako proba gehienetan parte hartzeko aukerea izan dau Euskal Selekzinoak. Apirilean Japonen hasitako ibilbideak zapatuan izango dau amaiera, Italian jokatuko dan finalagaz. Mundu guztian jokatu ditue probak selekzinoko kideek, hamaika izan diralarik jokatutakoak. Lasterketa horreetan guztietan batutako puntuak kontuan hartuta, zapatuko finalean izango dira, besteak beste, Oihana Azkorbebeitia, Maria Zorroza, Mayi Mujika, Ander Iñarra eta Julen Martinez de Estibariz.

Italiara joan aurretik, prentsaurrekoa eskaini dabe Donostian. Han izan dira, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Jon Redondo; Federazinoaren zuzendari teknikoa, Irati Anda; Euskal Selekzinoaren hautatzaileetako bat, Iñaki Uribe-Etxebarria; eta Euskal Selekzinoko korrikalari diran Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika eta Ander Iñarra.

Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak azpimarratu nahi izan dau Euskal Selekzinoa egiten dagoan lana: Eusko Jaurlaritzeak lan egiten dau nazinoarteko onarpen ofiziala daben federazinoak gero eta gehiago izan daitezan eta, era berean, ahalegin berezia egiten dau onarpen hori daben federazinoak eta selekzinoak babesteko. Hori dala eta, aurten akordio bat sinatu dogu Euskal Mendizale Federazinoagaz mendi lasterketetako Euskal Selekzinoa laguntzeko eta bere kirol ibilbide bikaina bultzatzeko. Selekzinoko kirolariak munduan barrena gure herria eta kirola ordezkatzen dabiz, lan ezin hobea eginez.

Redondok nabarmendu dau lanean jarraituko dabela Euskal Mendizale Federazinoaren onarpena erabatekoa izan daiten: Euskal Mendizale Federazinoa onartuta dago Nazinoarteko Mendizale Federazinoan, ahotsa dauka, baina ez botoa.

Euskal Mendizale Federazinoaren izenean, Irati Anda zuzendari teknikoak ondokoa adierazo dau: Euskal Mendizale Federazinoak urte asko daroaz nazinoarteko probetan parte hartzen. Aurten be euskaldunen parte hartzea nabaria izan da, selekzinoko 13 kidek hartu dabe parte Munduko Kopako probaren batean, eta parte-hartze handi horren seinale dogu finalera sailkatutako bost lasterkariak: Maria Zorroza, Oihana Azkorbebeitia, Mayi Mujika, Ander Iñarra eta Julen Martínez de Estibariz. Lanik gogorrena kirolariek egiten dabela esan beharrik ez dago. Federazinotik bide hori errazten saiatzen gara neurririk handienean eta Eusko Jaurlaritzeagaz dogun hitzarmena laguntza horren adierazgarri da, hain zuzen be.

Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzaileak, Italiako finalaren atarian, urte osoko balorazinoa egiteko aprobetxau dau: Egun gitxi barru, mendi lasterketetako Euskal Selekzinoak beste denporaldi bikain bati amaierea emongo deutso. Parte hartutako kopa eta txapelketetan emoitza bikainak lortuz. Batetik, Espainiako Kopan, mutiletan irabazi, Espainiako Txapelketan mutil zein nesketan, baita taldeka be. Ultren distantzian be, bigarren eta hirugarren postuak lortu ditugu, eta selekzinoka be irabazi dogu. Munduko kopeari jagokonez, aurten selekzinoak beste erronka bati egin behar izan deutso aurre, izan be, distantzia ezberdinez osaturiko kopea izan da.

Era berean, Euskal Selekzinoko korrikalaria dan Oihana Azkorbebeitiak ondokoa adierazo dau: aurtengo denporaldia luzea eta intensidade handikoa izan da, lasterketa askotan ibili naz. Egin ditudan Munduko Kopako lasterketa guztietan lehen hamarren artean sartzea lortu dot, eta final honetan be horixe izango da helburua. Sailkapen orokorrari begira momentu honetan bederatzigarren postuan nago, eta horri eustea izango da nire erronkea. Nahiko nekatuta nago, egia esan, orkatilak aspaldian dabiz deskantsua eskatzen.

Prentsaurrean izan Italian lehiatuko diran dira Ander Iñarra eta Mayi Mujika be. 



Italiako probea

Sky Masters Limone Xtreme lasterketea, munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Zapatuan jokatuko dan aurtengo finalak ibilbide barria izango dau eta korrikalariek, 27 kilometro eta 2600 metroko desnibel positiboa izango ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu