Olatz Arrieta, Elixabete Garmendia, Pikara Magazine, Juantxu Rodríguez eta Julen Rekondo dira aurtengo sarituak
2019-10-16 13:39 KultureaEuskal Kazetarien Alkarteko eta Kazetarien Euskal Alkargoko Euskal Kazetaritza Sariak 2019 emon ditue.
Euskal Kazetarien Alkarteak eta Kazetarien Euskal Alkargoak atondutako Euskal Kazetaritza Sariak 2019, Euskaltelen eta Ihoberen babesagaz, eta BBKren, Bilboko Udalaren eta LOGI Taldearen laguntzinoagaz egin diranak, baditue irabazleak:
Olatz Arrieta Euskal Kazetariak ataleko saritua izan da; Adierazpen Askatasunaren José María Portell Mugarik Gabeko Erreportariak (Reporters Sans Frontìeres), gobernuz kanpoko erakundeari egokitu jako; Ibilbide Profesionalaren saria, Elixabete Garmendiari; Personaia edo Giza instituzinoaren saria, Bizkaiko Elikagaien Bankurako izan da eta Kazetaritza Digitala, Pikara Magazine blogarentzat. Sari horreez gan, aurten lehen aldiz emongo diran Fotokazetaritza saria, Juantxu Rodríguez (in memoriam) fotokazetariari eta Julen Rekondori Ingurune-kazetaritza atalean be izango dira.
Euskal Kazetariak Saria
Aurtengo sariduna Olatz Arrieta kazetaria izan da, azken hogei urtetan ETBrako egindako barriemoile lanagaitik. 2013. urtetik Bruselan, Errusiatik be (urte bi) eta AEBetatik (hamahiru urte) barri emon dau. Europar Batasuneko, AEBetako eta Errusiako geopolitikan aditua, nazinoarteko politikearen inguruko MA masterra dauka NYU unibersidadean.
Sari honen zortzigarren edizinoa da eta helburua da lanbiderako eredua dan EAEko informazinoaren profesional bat omentzea, Euskadin, maila nazionalean edota nazinoartean egindako lanagaitik.
2007. urtean (1. edizinoan) Manu Leguinechek irabazi eban saria; 2009an, Sarita Estévezek; 2011n, Iñaki Gabilondok; 2015ean, Mikel Ayestaranek; 2016an, Jon Sistiagak, 2017an, Ane Irazabalek; eta 2018an, César Cocak.
Adierazpen Askatasunaren José María Portell Saria
Saria Mugarik Gabeko Erreportariak (Reporters Sans Frontìeres) gobernuz kanpoko erakundeak eskuratu dau, prentsa askatasunik ez dagoan hamaika erregimenetan zentsurautako 22 komunikabideri blokeoa kentzeagaitik, 2015ean hasitako 'Collateral Freedom' izeneko operazinoaren bitartez, miloeka herritarrek informazino libre eta independentea eskuratzeko.
Ibilbide Profesionalari Saria
Saritua Elixabete Garmendia izan da, euskeraz egindako euskal kazetaritzearen emakume aitzindaria izateagaitik eta ibilbide apartari esker ona adierazoteko. Euskerazko hainbat hedabidetarako egin dau lan, bai idatzizkoak baita ikusentzunezkoak be, berbarako, Zeruko Argia (geroago Argia izan zana), Berria, Euskadi Irratia, Jakin, Emakunde edo Euskal Telebista (ETB).
Pertsonaia/Giza instituzinoari Saria
Aurtengo saritua Bizkaiko Elikagaien Bankua izan da, ongintzako eta irabazi asmorik bako erakundea, azken 25 urtetan egindako diru-jorra eta hurren dogun gosearen kontra burrukan ibilteagaitik.
Kazetaritza Digitala Saria
Saritua Pikara Magazine aldizkari digitala izan da, teoría eta praktika feministea zabaltzeagaitik.
Fotokazetaritza Saria
Lehen edizio honetan saria Juantxu Rodríguez-entzat izango da (in memoriam), Euskal Herriko hainbat komunikabideetan bere ibilbide profesionala egin eban fotokazetaria; 1989an, Panamán hil eben herri horretako estaduaren inbasinoaren barri emoten eban bitartean El País egunkarirako. Fotokazetariaren lehen garaikur honek, Juantxu Rodriguezen irudian argazkigintzearen profesionalen kazetari lan ordezkaezina aintzat hartu nahi dau, euren bizitzea arriskuan jarten dabenak jazoerak dagozan tokian egoteagaitik, modu frogagarri eta gizatiarrean isalatuz.
Ingurune-kazetaritza Saria
Kategoria honetako lehen sariduna Julen Rekondo izango da, kimikaria eta inguruneko gaietan kazetari aditua, naturearen konserbazinoaren inguruko gaiak zabaltzen eta ikertzen ibilbide nabarmena dauena.
Euskal Kazetaritza Sariak 2019 Epaimahaia
Epaimahaikideak ondokoak izan dira: Jesús Coterón, EKEko presidentea eta KEEko dekanoa; Amaia Goikoetxea, EKEko presidenteordea eta KEEko dekanordea; Nekane Lauzirika, EKEko eta KEEko idazkari orokorra; Juan Manuel Gutiérrez, EKEko eta KEEko diruzaina; Carmen Torres Ripa, kazetaria; Simón Peña, EHUko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko dekanoa; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Iñaki Soto, Garako zuzendaria; Jone Guenetxea, Tokikomeko presidentea; Pedro Briongos, El Correoko zuzendariari atxikitua; Iñaki González, Deiako zuzendaria; Txema Villate, EFEko ordezkaria Bilbon; Matxalen García, Bilboko Europa Presseko delegatua Euskadin; Andoni Aranburu, EiTBko estrategia eta komunikazino zuzendaria; Ángel López, Onda Vascako zuzendaria; Jabier Onaindia, Radio Popularreko zuzendaria; Juan Carlos de Julián, Onda Cero Euskadiko informatiboen koordinatzailea; Begoña Marañón, Cadena SERreko zuzendaria; Javier Tutor, COPE Euskadiko herrialdeko zuzendaria; Jon Kepa Idoyaga, RNEko Euskadiko Albistegien Burua eta RNE bilboko arduraduna; Antolín Lekue, RTVE País Vasco-ko zuzendaria; Mireya Álvarez, BBK-ko Komunikazio zuzendaria; Joseba San Nicolás, Euskalteleko komunikazino ataleko arduraduna; eta Yolanda Rodríguez, Ihobeko komunikazino arduraduna.
2019ko Euskal Kazetaritza Sariak, Idoia Jauregi (Radio Euskadi) eta Juan Carlos de Julián (Onda Cero) kazetariek aurkeztuko daben ekitaldian emongo ditue datorren zemendiaren 5an, arratsaldeko 19:00etan Bilboko BBK Aretoan (Kale Nagusian).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!