Badator Literatur Amuak, literaturea, euskerea eta ikus-entzunezkoak buztartuz

Bizkaie! 2019-10-14 07:55   Kulturea

Urriaren 25etik zemendiaren 3ra izango da VIII. Literatur Amuak Ondarroan.

Zortzigarren aldiz antolatu dau Ondarroako Udalak Literatur Amuak, literaturea, euskerea eta ikus-entzunezko eduki kulturalak batuko dituan jaialdia. Aurtengo jaialdiak 10 ekintza, hainbat sortzaile eta ehunka parte-hartzaile izango ditu. Aurkezpenean egon ziran, Arantza Atxurra Aranguren Euskera zinegotziagaz eta Maite Rey euskera teknikariagaz batera Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrak eta Xabier Mendiguren idazlea, hiruen artean osotzen dabelako Augustin Zubikarai nobela beka sariketako epaimahaia.

Ondarroako Udaleko Euskara Saila edade guztietako herritarrentzako ekintzaren bat antolatzen ahalegindu da. Horrezaz gan, jaialdia herriko leku ezbardinetan ospatuko da: Kofradia Zaharrean, Beikozini aretoan eta Musika Eskolan.

Jaialdiari hasierea herriko ikastetxeetako umeek emon eutsen urriaren 11n Augustin Zubikarai VIII. Ipuin Rallyagaz. Herriko ikastetxeakaz alkarlanean antolatutako jarduerea izan zan eta ikasle bakotxak ordu bi izan zituan ipuin bat idatzi eta papelean entregetako, momentuan bertan emon eutsien esaldi bat txertatuta. Arantza Atxurra Aranguren Euskera zinegotziak nabarmendu dauenez, oso garrantzitsua da herriko txikiek euren sormena euskeraz lantzea, eta horretarako bidea emoten dau ipuin rally honek.

Edozelan be, urriaren 25etik zemendiaren 3ra izango dira ekitaldi nagusiak; urriaren 25ean, 19:30ean Kofradia Zaharrean, Miren Amuriza idazle berriztarra egongo da, Liburuen Amuak egitasmoaren barruko lehen saioan. Izena emoten daben herritarrakaz batera Basa bere azken liburuari buruz berba egingo dabe, Joxemari Urteagak gidatuta.

Urriaren 30ean, eguaztenean, Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra gogoan hartuta literatureari zuzendutako eguna izango da. Arratsaldeko 18:00etan, ipuin rallyko sari banaketa ekitaldia egingo da Kofradia Zaharrean. Ordu erdi aurrerago nanoipuin lehiaketako sariak emongo ditue eta amaitzeko Augustin Zubikarai nobela bekeagaz lotutako aurkezpen bi egongo dira: Eneko Barberenak 2018ko nobela bekeagaz idatzitako Afrikanerrak nobelea aurkeztuko dau, eta ondoren, aurtengo nobela bekearen irabazlea emongo dabe ezagutzera. Barberenaren nobelearen aurkezpena egiteaz Joxemari Urteaga arduratuko da, eta aurtengo saridunaren barri emoteaz, ostera, Xabier Mendiguren.


Gazteak, hizkuntzea eta sare sozialak

Literatur Amuek badabe ikerketarako tartea be eta horretaz arduratuko dira Kike Amonarriz eta Jon Fernandez kazetari ondarrutarra. Urriaren 31an, Ondarroako gazteek sare sozialetan dituen hizkuntza ohiturak emongo ditue ezagutzera. Ikerketea egin dauen Jon Fernandezek eta bere tutore Kike Amonarrizek azalpenak emongo ditue ikerketan parte hartu daben herriko batxilergoko ikasleakaz batera.

Egun berean, 20:30ean, Aingurak izeneko komiki musikatuaren ikuskizuna eskainiko dabe Beikozinan. Komikigintzea eta zuzeneko musikea. Joseba Larratxe marrazkilaria eta Joseba B. Lenoir eta Miren Narbaiza musikariak. Zinema mutuaren garaian bezela irudi bakotxa musikaz betez.

Literatur Amuak jaialdiari amaierea emoteko, azken astegoienean helduko dira jantzea, antzerkia eta ikus-entzunezkoak buztartzen dituan Ma Kolektiboaren Lua Kastore ikuskizuna Beikozinan, Euskaldunen malurak eta paliatiboak izeneko Kepa Altonaga eta Ainize Madariagaren barriketaldia Kofradia Zaharrean, publiko guztiei zuzendutako Enaren kontuak musika ikuskizuna Musika Eskolan, Metrokoadroka kolektiboaren Munduko Poesia Kaia ikusizuna Kofradia Zaharrean eta Andoni Egaña, Xabier Zabala eta Alberto de Abajoren Enkarguz sormen proposamena, publikoaren parte-hartzeagaz ordu eta erdian abesti barri bat sortzeko danen artean.

Arantza Atxurra Euskera zinegotziak herritar guztiak animau nahi izan ditu ekintzetan parte hartu deien: Eskaintzea oso zabala da eta esparru ezbardinetako gaiak landuko dira jaialdian: literaturea, euskerea, ikerketea, sormena... Herritarrek gozau deien gura dogu. Gaineratu dau ikuskizun gehienak dobakoak izango dirala eta Lua Kastore eta Enkarguz ikuskizunakaz gozetako pagau beharko dirala euro bi.


Euskaldunen malurak eta paliatiboak

Literatur Amuak ekimenaren barruan Euskaldunen malurak eta paliatiboak barriketaldia egingo da. Bertan parte hartu nahi dabenek oinarri izango diran liburu biak eskuragarri izango ditue udal liburutegian: Kepa Altonagaren Duvoisin kapitainaren malura eta Ainize Madariagaren Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu