Andra Mari parrokiako sutea (1919) gogoratuko dau Zeanurik
2019-10-14 09:18 KultureaJazoerearen 100. urtea beteten danez, astegoien bitan egongo dira ekitaldiak.
1919ko urriaren 28an, Andra Mari parrokiaren barrualdea sute batek kiskaldu eban. Jazoera harek zeanuriztarrak astindu eta, aldi berean, dudea sortarazo eban herrian: parrokia zaharbarriztua ala plaza inguruan eleiza barria eregi? Duda horrek lehenagotik etozan hamaika hasarre eta tirabira berpiztu zituan herrian.
Kontuak kontu, jazoerearen 100. urtea beteten danez, astegoien bitan egongo dira ekitaldiak, izan be, egitarau berezia atondu dabe Zeanurin: urriaren 19an, zapatuan, Jon Urutxurturen eskutik ibilbide gidatua antolatu da 'Elizondoko gune monumentala' izenburupean. Hitzordua Eleizondon bertan izango da, goizeko 10:00etan. Ibilbide horretan Piedadea ermiteari, Nestor Basterretxeak eregitako kurutzeari eta Andra Mari parrokiari buruzko gorabeherak azalduko dira; aditasun berezia jarriko da parrokiak gordetzen dauen erretaulan, Bizkaiko aberatsenetakoa da eta. Kanpantorrera igoteko aukerea bee izango da.
Hurrengo astegoienean, hilaren 25ean, 26an eta 27an, barikuan, zapatuan eta domekan jarraipena emongo jako egitarauari. Barikuan, 'Sute baten historia bizia' izenburuko berbaldi emongo dau Ander Manterolak kultur etxean, arrastiko 19:00etatik aurrera.
Zapatuan, barriz, ekitaldi nagusia izango da: Kandelen gaua. Ekitaldi honegaz orain 100 urteko sutea gogoratuko da eta iluntzeko 20:00etatik aurrera plazatik Eleizondora oinezko bidea egingo da txistulariak aurretik doazela, argi publikoa amatauta, parte-hartzaile guztiek banatuko jakezan kandelak piztuta eskuetan eroanez. Antolatzaileek ekitaldi honetan parte hartzeko deia egiten deutse zeanuriztarrei zein inguruko herrietako jenteari. Elizondora heltzean kanpantorrean egongo diran Iker eta Aitziber txalapartarien soinuak harrerea egingo deutse ibiltariei. Ondoren, eleiza barruan musika emonaldia izango da: Gontzal Mendibilek, Olatz eta Estik, Karmele Angoitia organisteak, Zeanuriko Abesbatzak eta bestelakoek parte hartuko dabe. Herriko bertsolariak 1919an idatzitako bertsoak abestuko ditue: bertan azaltzen da sasoi haretan zeanuriztarren artean bizi izan zea giro tirabiratsua.
Urriaren 27an, domekan, goizeko 11:30eko meza nagusiagaz emongo jako amaierea egitarauari. Mezan Joseba Segura Etxezarraga Bilboko gotzain laguntzaileak hartuko dau parte.
Eleizondoko monumentu multzoa: Andra Mari parrokia, Nestor Basterretxearen kurutzea eta Piedadea ermitea
Erlijino ondare interesgarria osotzen daben honako monumentuak dagoz Eleizondo auzoan:
* Andra Mari parrokia: 1702 eta 1751 urteen artean eregia, aurrerago egoan beste eleiza bat aprobetxauta. 1994. eta 2000. urteen artean, zaharbarriztau egin eben. Bizkaiko erretaularik ederrenetako bat ikusi daiteke bertan.
* Piedade barrendegi baseleizea: eleizpetik igaroten zan Erdi Aroko galtzadearen arrastoak ikusi daitekez oraindino.
* Nestor Basterretxearen kurutzea: Gorbeiako Gurutzearen mendeurrena ospatzeko altzau eben.
Andra Mari Eleizearen historia
Iturriza historialariaren arabera, Zeanuriko eleiza, inguruko nekazariek eregi eben X. mendean. Baina ez dago baieztapen hori frogatzen dauen daturik; izan be, tenpluari buruzko lehen barri monumentala 1383. urtekoa da. Erdi Aroko eleiza haren itxureari buruz ez dakigu ezer. Eleizea XVI. mendearen hasieran berreregi egin eben, Bizkaiko jaurerriko beste asko bezela. Berreregite hori ez eben oso ondo egin, XVI. mendearen erdialdean eleizaren hormak arrakalatzen hasi baitziran.
1702. urtean beste berreregite bati ekin eutsien, eleizearen eskuinaldeko atean dagoan harrizko plaka batean irakur daitekeen legez: IHS MARÍA, SIENDO PATRONO DE ESTA SANTA IGLESIA DON THOMAS IGNAZIO DE ARRIOLA Y AXPE Y DOÑA MARÍA JOSEPHA DE ARANA, EXECUTÓ ESTA OBRA MARTÍN DE OLAGUIBEL MAESTRO CANTERO. AÑO 1702. Berreregite horrek ia mende erdi iraun eban, eta lanak 1751. urtean amaitu zituen.
Oraintsuago, 1994ko maiatzean parrokiaren ateak zarratu egin zituen arazo larriak atzemon ostean, eta kanpoan zein barruan zaharbarrizte lan sakonak egin ostean, 2000. urteko abuztuaren 15ean zabaldu zituan ateak.
Tenpluaren bolumenak eta barrualdeko handitasunak (hiru nabe zabal) eleiza monumentala dala erakusten deuskue, eskualdeko handiena eta Bizkaiko landa inguruko eleiza barroko aberatsenetakoa, hain zuzen; hortik, ondoriozta daiteke eleizea sustatu eben eleiztarrak asko zirala eta euren lur emoteetarako lekua behar ebela, izan be, sasoi haretan, lurperatzeak tenpluaren barrualdean egiten ziran.
Erretaula nagusia
Andra Mariko erretaula Bizkaiko arte eta erlijino ondarearen ederrenatakoa da. Behealdea eta bankua estilo manieristakoak dira, 1570. urtearen ingurukoak. Goialdea (kaleak eta kaleen gainekoa) barroko estilokoak dira, 1710. urtearen ingurukoak. Erretaulan Ama Birjinearen bizitearen zenbait uneri buruzko eszenak dagoz. Erretaularen buruan, Andra Mariaren irudi eder bat dago, tenpluaren zaindariarena; irudi horren berezitasuna Jesus Umetxuaren jarrera bitxi eta naturala da: Ama Birjineari begira dago.
Erretaula nagusiak historia konplexua izan dau. XVI. mendearen hasieran baegoen erretaula bat, eta harenak dira alboetako pinturak. 1570. urtearen aldera, erretaula horren zati bat barriro erabil eta erretaula manierista bat egin eben. XVII. mendearen bigarren laurenean, pintura batzuk gehitu zituen. Azkenik, 1710. urtearen inguruan eleizaren berreregiteagaz batera, gaur egungo egitura barrokoa egin eben, baita pintura barri batzuk be, beti lehen egozan materialak erabiliz.
Nestor Nasterretxearen kurutzea
Kurutze hau Nestor Basterretxeak egin eban Zeanuriko Udalak eskatuta. Lan hau Gorbeiako kurutzearen mendeurrena ospatzeko egin eban, nahiz eta urte bi geroago instalau eta inaugurau, hain zuzen be 2003an. Korten altzairuzko xaflakaz egina dago; altzairu mueta hori ugerrak jaten dau, eta prozesua gelditu ondoren kolore gorrixka eder eta berezia hartzen dau.
Tona bi eta erdiko pisua dauka (barrutik hutsik egon arren), eta lau hanka ditu; horri esker, monumentuaren estatikea eta estetikea hobetu egiten dira. Monumentua bere jatorriari begira dago: Gorbeiako tontorrean dagoan kurutzeari.
Piedadearen ermitea
Piedadea izenaz herritarrek ezagutzen daben ermita hau XVIII. mendeko eraikina da, eta Andra Mari parrokiatik 50 bat metrora dago. Ermita eta parrokiarena artean Nestor Basterretxearen kurutzea dago. Bitxia da ermitaren ataritik Erdi Aroko errege bidea igaroten zalako, eta oraindino ikus daiteke horren tarte bat, Andra Mariren ataritik igaroten zan bide bera, Gasteiztik etorren errege bidea zan.
Eraikinaren barrualdeko dekorazinoa xumea da, lujorik bakoa. Bidearen ondoan dagozan erlijio-eraikinok izaten daben legez, egurrezko hesi bat dauka barrualdea babesteko. Bertatik barrualdea ikus daiteke, eta handik, antxina, ibiltariek euren burua gomendatzen eutsen erretaula xumeko santuei, San Balentini, esate baterako.
San Balentin jaia ospatzen dabe hemen eleizondotarrek eta santuagaz prozesinoa egin ondoren, orain 60 urtetik urtero neurtzen dabe ermitearen aurrean dagoan artea, aurreko urtetik zenbat hazi dan ikusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!