Gabriel Arestiren Eguna Bilbon, urriaren 14an
2019-10-14 09:30 Kulturea86 urte bete dira Gabriel Aresti Bilbon jaio zanetik.
Goizean, 11:00etan, Pio Baroja plazeak, Bilboko Udalak egilea omentzeko atondutako lora-eskaintzea jasoko dau, 1933ko urriaren 14an egilea jaio zan egunaren 86. urteurrenean.
Musikea eta Hitza izenburupean, Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak egile bilbotarraren zenbait poema eta testu berreskuratuko ditu. Ekitaldia 19:30ean hasiko da, eta sartzea doban izango da, leku guztiak bete arte. Euskeraz izango da.
86 urte bete dira Gabriel Aresti Bilbon jaio zanetik, 1933ko urriaren 14an. Hori dala eta, Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko dau gaur, astelehenean, goizeko 11:00etan Pio Baroja plazan egingo dan lora-eskaintzeagaz. Ekitaldi horretan, Udane Goikoetxeak poemak irakurriko ditu.
Arratsaldean, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturguneak kontzertu-errezitaldia jasoko dau; bertan, Ainara Ortegak ahotsa jarriko deutse Arestiren poemei, Iñaki Salvadorrek pianoagaz lagunduta, piano eta akordeoi jotzaile eta moldatzaile euskal musikako artisten disko eta kontzertu askotan. Mikel Laboagaz izan zituan hartu-emon aberatsez gan (25 urtez ibili zan haregaz lanean) asko izan dira profesional lez egin zituan lehen urteetatik Iñaki Salvador grabazinoetarako edo kontzertuetarako deitu daben taldeak eta bakarlariak, besteak beste, Oskorri, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze, Imanol, Egan, Urko, Gorka Knörr, Txomin Artola eta Xabier Amuriza.
Haren ibilbide profesionalean euskal abestiak izan ditu ardatz, tradizionalak edo egile garaikideenak, eta ia bere disko guztiek errepertorio horri egindako keinu argia dabe. Ainara Ortegaren ahotsagaz batera egiten dauen bikote proposamen honetan Arestiren lanari emondako begirada barria eskainiko dau. Entzuleek hainbeste ezagutzen ez dituen poemen eta testuen aukeraketea berreskuratuko dabe.
Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) poesia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituan, literatura unibersaleko klasikoak euskerara itzultzeaz eta Euskaltzaindian egin eban lanaren bitartez euskera modernoaren oinarriak finkatzen laguntzeaz gan. Arestiren lan ezagunenak Euskal harria (1968), Harrizko herri hau (1971) eta Harri eta herri (1964) poema liburuak dira
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!