Olga Tokarczuk eta Peter Handkeri emon deutsie Literaturako Nobel Saria
2019-10-10 13:17 KultureaIdazle bi saritu ditue, igaz ez zalako irabazlerik egon.
Europako idazle bi, emakume bat eta gizon bat, saritu ditu Suediako Akademiak oraingo honetan: Olga Tokarczuk poloniarra eta Peter Handke austriarra. Igaz, sexu jazarpenen polemikea zala eta, Literaturako Nobel Saririk ez emotea erabagi eben Akademiakoek, irabazleak aukeratzen dituan batzordean eta egituran aldaketak egin ahal izateko.
Hortaz, igazko eta aurtengo saridunak, biak batera iragarri ditue, Stockholm uriburuan egindako ekitaldian. 2018koa egokitu jako Tocarczuki. Poloniarra dan arren, Ukrainiako errealidade politikoak be lekua dauka bere obran, baita antxinako zibilizazinoek eta parapsikologiak be. Zortzi nobela eta ipuin-bilduma bi kaleratu ditu.
Epaimahaiak Tocarczuken irudimen narratiboa nabarmendu dau. Pasino entziklopedikoz, mugak zeharkatzea bizimodu bihurtu dau, ganeratu dau Akademiak. Literaturako Nobel Saria irabazi dauen 15. emakumea da poloniarra (116 saritu egon dira 1901etik).
2019ko saria, ostera, Peter Handke austriar beteranoa da. 1966an argitaratu eban bere lehenengo liburua. Nobelez gan, olerkiak, zinemarako gidoiak eta antzezlanak idatzi izan ditu. Gizonaren bakardadea eta inkomunikazinoa jorratzen dau bere testuetan. Euskerara itzulita dago Handkeren Idatz froga 2 testu laburra, Mikel Antzak egina.
Handkeren obrea eragin handikoa dala azpimarratu dau epaimahaiak, siniskortasun lingistikotik arakatu ditu giza esperientziaren ingurumariak eta berezitasunak. Zinemagintzeari egindako ekarpena be aitatzen dau epaiak, goi mailako film batzuen gidoiak idatzi ditualako, besteak beste Wim Wendersegaz lan eginda.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!