Indarkeria giza ikuspegitik landu dau Itxaro Bordak

Bizkaie! 2019-10-10 09:45   Kulturea

Susmaezinak nobelea Alberdaniak argitaratu deutso.

Itxaro Borda eta Jorge Giménez editorea, aurkezpenean (argazkia: Alberdania) | Ikusi handiago | Argazki originala

Denporan urte batzuk atzera egin dau Itxaro Bordak Susmaezinak (Alberdania) liburua idazteko. ETAren indarkeria bizi-bizi egoan sasoira hain zuzen, edo autoreak berak esan dauenez, berunezko urteetara. Fikzinoaren bidez, baina errealidadea beti gogoan, orduko egoerea aztertu nahi izan dau nobela barrian, giza ikuspegitik. Hau da, indarkeriak personen bizitzetan eragiten dauena kontau nahi izan dau.

ETAko lau kide dira protagonista nagusiak. Ipar Euskal Herrian dabiz, eta euren jardunak josten dau nobelearen hari nagusia. Baina badagoz beste pertsonaia asko be, indarkeriaren beste arpegi batzuk erakusten dituenak: biktimak, hildakoen senideak... polo biak landu dituala dino Bordak. Errepresinoa, gatazkak, heriotzea eta abar ez dira faltau, batzuen eta besteen minen arteko distantziak txikitu nahi izan ditu.

Susmaezinak, azken baten, giza-kondizinoaren inguruko liburua da, personak dagoz erdigunean. Horretarako, aurretik egin bako ariketea egin behar izan dau Itxaro Bordak, hau da, ETAren biktimen eta hareen senideen azalean sartzea. Min hori ezagutzeko, alkarrizketak irakurri ditu, eta dokumentalak ikusi. Fikzinora jo dau istorioa kontetako, baina egia dago pasadizo askoren atzean.

Erosotasunetik iges egin dau, beraz, Itxaro Bordak, beste hainbat aldiz egin dauen legez. Narrazinoan 2012tik ezer argitaratu barik egon dan ezkero, itzulerea be bada idazlearentzat Susmaezinak nobelea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu