Getxoko XVIII. Komiki Azokea urriaren 18tik 20ra

Bizkaie! 2019-10-10 08:07   Kulturea

Bilboko Joker liburu-dendea omenduko dabe.



Getxoko Komiki Azokea
komikizaleen topagune izango da barriro. Azokeak merkataritza-eskaintza zabala eta hainbat jarduera hartuko ditu. Igazko moduan, azokea gune bitan banatuko da: Batetik, Areetako Geltokia plazako karpan 43 saltoki postu egongo dira eta horreetan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteagaz lotutako sektore guztiak. Bestetik, Romo Kultur Etxeak jarduera-programa bizi-bizia hartuko dau eta bertan, hiru egunez, nobedadeen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, proiekzinoak eta tailerrak izango dira, besteak beste.

Artista ospetsuek bisitauko dabe Getxo, horreetako batzuk nazinoartean entzute handikoak eta berbaldi eta aurkezpenetan parte hartuzeko etorriko dira; sinadura-saioak be egingo ditue, zaleek gustuko egileak ezagutzeko aukerea izan deien. Sinatze-txandak Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan izango dira.

Aurtengo gonbidatuen artean nabarmendu behar dira, adibidez, Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Javier de Isusi, Laura Pérez, Flativa Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David López, David Lafuente, Salva Espín, David Rubín, Mamen Moreu, Álvaro Martínez eta Agustín Ferrer. Egile gonbidatuen artean Marika Vila nabarmendu behar da, izan be, 70eko hamarkadearen amaieran sortutako egile-komikiaren eta komiki feministearen erreferentzia da, hain zuzen be. Egile bartzelonarrari omenaldia egingo deutso azokeak bere ibilbide artistikoa saritzeko.

Era berean, Bilboko Joker liburu-dendea omenduko dabe Getxon, merkataritza-eskaintzaz gan, denda horrek lan handia egiten dauelako komikia zabaltzen.

Komiki-erakusketak ez dira faltako Azokan, berbarako, Bizkaia Zubian Higi Vandisen Jarana izeneko erakusketea izango da ikusgai urriaren 4tik 31ra. Torrene aretoan, barriz, Idazlumak eta binetak izeneko erakusketan egungo komiki arabiarraren lanak batuko ditue hilaren 4tik 27ra. Azokako karpearen inguruan, Mikel Santos Belatz-en Lucio Urtubia: Una vida de lucha, en viñetas erakusketa ikusi ahal izango da urriaren 7tik 20ra eta, Algortako Kultur Etxean, Iñaket eta Mikel Begoña egileek Ötzi, komiki kalkolitiko bat izenekoa bisitau ahal izango dabe zaleek.

Azokako eskaintzea biribiltzeko, Kataluniako Museu D’Art-etik datorren erakusketea izango da Getxon, El Víbora. Comix Contracultural izenekoa. Horren bitartez aldizkari ospetsua agertu zaneko 40. urteurrena ospatukoda. El Víbora-k (1979-2004) ezin hobeto irudikatu eban demokraziaren hasieran Bartzelonan bizi zan sinkretismo kulturala. Aldizkariko orrietan 70eko hamarkadan underground kulturea abian jarri eben zenbait egileren lanak argitaratu ziran. Erakusketa honetan aldizkariaren ibilbidea hurreratzen jake zaleei artista ezagunenen lan originalen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu