Azkenaldion eskuratutako obrak aurkeztu ditu Bilboko Arte Eder Museoak
2019-10-09 13:25 KultureaHiru miloe euro balio daben dohaintzak jaso, eta beste 300.000 gastau ditue artelanak erosten.
Oraintsu onartutako lau urteko planean, Bilboko Arte Eder Museoaren arduradunek bilduma iraunkorraren aldeko apustua egiteko beharra aitatzen dabe. Miguel Zugaza museoko zuzendariaren esanetan, bildumea erdigunera ekarri nahi dogu. Zeregin horren barruan sartzen da azken urte biotako erosketa eta dohaintzak aurkezteko ekitaldia, bildumara heldu diran nobedadeak gizarteratzeko asmoz.
Zugazaren arabera, ahalegin handia egin dabe bildumea osotuteko artelanak bilatu eta erosten, eta baita dohaintzak jasoteko atea zabaltzen be. Arte garaikideko funtsak zabaldu nahi doguz, eta formatu barriak ekarri, esate baterako, argazkiak eta bideoak. Erespide horreetatik tiraka, artelanak erosten 300.000 euro gastau ditu museoak azken urte biotan.
Alde horretatik, aitatzekoa da Emak programea sortu izana. Museoaren asmoetako bat genero-orekea jagotea da, hau da, emakume sortzaileen lanek jagoken lekua izatea. Emak egitasmoari esker, emakume artistek egindako hainbat pieza erosi ditu, danak garaikideak, estilo eta formatu askotakoak.
Beste alde batetik, bilduma partikularretatik eta artistakandik jasotako dohaintzek be nabarmen handitu dabe Arte Eder Museoaren bildumea. Miguel Zugazak esan dauenez, 172 obra eskuratu ditue azken urte biotan bide horretatik. Danek batera, hiru miloe euro inguru balio dabe.
ABC, Bilboko Museoaren Alfabetoa erakusketea aprobetxauta, azkenaldion eskuratutako obra esanguratsuenetako batzuk ikusgai jarri ditu museoak, 19 danetara. Holan, bildumearen barritasunak bertatik bertara ikusi ahal izango ditu publikoak. Beste pieza batzuk beste erakusketa batzuetan erakutsi izan ditue joan diran hileotan, edo laster zabalduko dituenen parte izango dira.
Obra barriak
Eskuratutako pieza barri guztiak banan-bana aurkeztea ezinezkoa danez, batzuk aukeratu ditue, azpimarragarrienak diralakoan. Museoan bertan egindako agerraldian, Miriam Alzuri eta Javier Novo adituek horreen ganeko datuak emon ditue. Pablo Gargallok Picassori egindako terrakotazko erretratua, 1913koa, da obra berezienetako bat. Batetik, Picasso gaztearen ezaugarriak bikain erakusten ditualako, eta, bestetik, Gargalloren katalogoan orain arte sartu ez dan eskultura ia ezezaguna izan dalako.
Paul Gauguin pintore frantsesaren 1891ko papel ganeko erretratua be aitatzekoa da. Stéphane Mallarméren erretratua dalakoa erosi egin dau museoak; Gargallorena dohaintzea da, ostera. José Ramón Anda nafarraren Sartu ahal baduzu egurrezko eskultura handia be erositakoa da.
Nicolás Lekuona gipuzkoarraren pieza ugari be eskuratu ditu museoak, izan be, abangoardiako euskal artearen aitzindarietako bat izan zala dinoe Alzurik eta Novok. Surrealismoaren eragina daben argazki-muntaiak, familiakoei egindako argazkiak, koadroak eta beste hainbat agiri dira erositako moltsoan.
Era berean, Adolfo Guiard bilbotarraren Bakioko baserritarra margolanaren historia azpimarratu dabe museoko adituek. Espainiako lehenengo obra inpresionistea izan zan Guiardek 1888an egindako hori. Parisen ezagutu eban inpresionismoa, baina Bilbon halako koadro bat egin eta erakustea otu jakonean, eztabaidea sortu zan orduko euskal adituen artean: artea ete zan kuadro ha, ala inpresionismoa baztertu beharreko teknikea zan?
Gaur egungo euskal artista esanguratsuen bildumea aberasteko asmoz, Miren Arenzana bilbotarraren If I Were You... Red eta If I Were You... Black eskuratu ditu Arte Eder Museoak, baita Nadia Barkatek igaz marraztutako Zurea erraldoia, zurea mendebaldekoa be. Gema Intxausti gernikarraren On Previous Work 30 marrazkiko serieak museoaren areto oso bat hartzen dau orain. Pablo Milicua, Idoia Montón eta abarren piezak be erosi ditue.
Azkenik, dohaintza berezi baten barri be emon dabe museoko arduradunek. Remigio Mendiburuk 1984an egindako izenburu bako alabastro eta egurrezko piezea José Javier Arteche bildumagileak emon eutsan museoari, gaixorik egoala, aurten bertan. Handik gitxira hil zan. Miguel Zugazak Artecheren eskuzabaltasuna txalotu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!