Urtzi Reguerok irabazi dau III. Manuel Larramendi Ikerketa Saria
2019-10-09 09:43 KultureaGabonetarako argitaratuko dabe II MLIS-a irabazi eban Bakarne Altonaga ikerlari getxotarraren lana.
Urtzi Reguero filologo eta ikerlari zizurkildarrak irabazi dau III. Manuel Larramendi Ikerketa Saria, Manuel Larramendik eta bere obrak (gramatikak eta hiztegiak) idazle nafarrakan izandako eragina ikertzeko aurkeztutako egitasmoagaitik. Urtebete izango dau gaur egun Gasteizen bizi dan zizurkildarrak egitasmoa osotu eta epaimahaiari aurkezteko, izan be, Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren III. deialdia ebatzi dauen epaimahaiak uda sasoian amaitu zituan bere lanak eta Blanca Urgell, Mikel Aizpuru, Garbiñe Agirre, Jose Antonio Rodriguez-Ranz eta Jon Unanuek osotu dabe; Aitor Amutxastegik egin ditu idazkari lanak.
Saria Urtzi Reguerori emoteko oso aintzakotzat hartu dau epaimahaiak ikerlariak Nafarroako euskal literaturearen bilakaereari buruz, batez be, XVII. eta XVIII. mendeetakoari buruz dauen ezagutzea eta eskarmentu handia, eta bere ikerkizuna osotzeko aurkeztutako egitasmoa. Reguerok urtebete izango dau XVIII. mendeko hainbat idazle nafarren obrak aztertuz eta aurreko garaietakakaz alderaketa eginez argitzeko Larramendik eta bere obreak eraginik izan eben ala ez eta eragin hori zenbaterainokoa izan zan.
Reguerok 2017. urtean goi-nafarrera arkaiko eta zaharrari buruz idatzitako bere doktore-tesian, 1750. urtearen aurreko, hau da, Larramendiren eraginaren aurreko Nafarroa Garaiko euskerazko testuak aztertu eta testu barriagoakaz konparau zituanean, ikusi eban mendearen erdialdean etena dagoala goi-nafarreraren bilakabidean. 1750etik aurrera, testu gehiago agertu ziran landarei buruz, berbakera landuagoa erabilten da eta lehenago agertu bako ezaugarriak lekukotzen dira. Regueroren hipotesia da, eta bere ikerlanaren abiaburua, aldaketa horretan Larramendik baeukala eraginik. Hori ikertzeko, Reguerok Mikelestorena, Sagastibeltza eta Lizarraga Elkanokoaren lanak aztertuko ditu; gainera, XVIII. mendean idatzitako beste lan batzuetan (ezagutzen dan sermoi bilduman) Larramendiren itzala noraino heltzen dan aztertuko dau. Guztia zientzia filologikoaren burubideez baina, mundu akademikotik areago, euskal gizarteari bere ondorioak zabaltzeko asmoz.
Urtebete izango dau Reguerok ikerlana aurkezteko eta, ondoren, epaimahaiak bere helburu eta kalidadean ontzat emon beharko dau saria guztiz eskuratzeko. Bien bitartean, ikerlariak 6.000 euroko sari ekonomikoaren % 40 baino ez dau jasoko. Gainerakoa, % 60a eta saria egiaztatzen dauen agiria, behin epaimahaiak ikerlana aztertu eta ontzat emoten dauenean.
Urtzi Reguero Londresen dago orain eta bertan egingo dau bere ikerlanaren zati bat. Jakina, pozik hartu dau saritu izanaren albistea.
Bide batez, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ezagutzera emon dau, aurtengo Gabonetarako argitaratuko dauela II MLIS-a irabazi eban Bakarne Altonaga ikerlari getxotarraren lana, euskal jantzen historia eta genero ikuspegia (XVIII-XIX. mendeak) aztergai hartu ebana. Orain egun gitxi emon deutso epaimahaiak sariaren behin betiko agiria. Ikerlanak Saiakera izeneko bilduman hartuko dau lekua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!