Foru Liburutegiaren hasierako urteak gogoratuko ditu erakusketa batek
2019-10-09 08:09 KultureaFidel Sagarminagaren funtsaren zati bat be ikusi leiteke.
1929an eskuratu eban Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Astarloa kaleko eraikina, han Foru Liburutegia jarteko. Gaur egun, 90 urte geroago, goitik behera modernotuta, hantxe dago oraindino liburutegia. Instalazino horren hasierako urteak gogoratzeko, Liburutegi mugabakoa. Sagarminagaren legadua, 1929-2019 erakusketea zabaldu dabe Foru Liburutegian bertan, zemendiaren 30era arte.
Batez be, liburutegia zabaldu zanean ikusgai egon ziran agiri eta liburuak ipini ditue erakusketan. Ganera, Fidel Sagarminaga XIX. mendeko politikariaren ondaretik hartutako materiala be badago. 1872an Bilboko alkate izan zan Sagarminaga, 1876an Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta, 1879an, Euskal-Erria alkartea sortu eban.
Besteak beste, antxinako liburuak eta inkunableak ikusi leitekez, adibidez, Foru Barriaren kopia zaharrak. Ganera, argazkiak, agiriak, altzariak... ikusi leitekez, ehun pieza inguru. Fidel Sagarminagaren funtsekoak dira horreetako asko, baina badagoz bilduma publiko eta pribaduetatik hartutakoak be, batzuk jenteari sekula erakutsi bakoak.
Foru Liburutegiak gaur egun daukazan zerbitzuak eta bildumak eskaini ahal izateko oinarriak ipini zituen personei omenaldia egitea da erakusketearen helburua. Liburutegiaren sustatzaile eta kudeatzaileen lana aldarrikatzeaz gan, horren ezagunak izan ez ziranak be nabarmendu nahi ditue.
Erakusketea astelehenetik barikura bisitau leiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Zapatuetan, goizeko 10:30etik 13:00etara. Sartzea doban da. Bisita gidatuak be antolatu ditue, hogei minutu ingurukoak, euskeraz eta gaztelaniaz. Bisitetan parte hartzeko, liburutegiko beheko solairuan edo 94 608 24 87 telefono zenbakian egin behar da erreserbea.
Bestetik, erakusketearen osogarri, berbaldiak egongo dira. Urriaren 31n, Susana Serranok edegiko dau zikloa, Fidel de Sagarmínaga y su biblioteca izenburupean. Astebete geroago, Aritz Ipiñak Foru Liburutegia eta memoria historikoa izeneko berbaldia emongo dau. Zemendiaren 21ean, Francisco Javierrek Liburutegia gerran: Foru Liburutegiko ondasuna babestea gerra zibilean zehar gaia landuko dau. Azkenik, zemendiaren 28an, Gorka Pérez de la Peñak egingo dau berba, El Palacio de Archivos y Bibliotecas: una obra singular de art déco izenburupean. Berbaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!