Pedro Ugarte eta Felipe Juaristi aurrez aurre Bilbon

Bizkaie! 2019-10-04 12:00   Kulturea

Vivir de la literatura o vivir del cuento hitzordua José Blanco poeteak gidatuko dau.

Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literatureagaz ekimeneko beste hitzordu bat jasoko dau datorren martitzenean, urriaren 8an, eta Pedro Ugarte eta Felipe Juaristi idazleak batuko ditu. Vivir de la literatura o vivir del cuento barriketaldia 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan; sartzea librea izango da leku guztiak bete arte eta streaming-ez jarraitu ahal izango da.

José Blanco poetea izango moderatzailea eta idazle lanbidean sakontzeko eta literaturatik bizitea benetan posible izatearen inguruan gogoetea egiteko eta hausnartzeko barriketaldia izango da. Landuko dituen gaien artean, idazleen helburuak eta eguneroko beharrak, ordutegi faltea, ekonomiako sektore guztietan nagusi dan prekariedadea, literaturan dabizen personak egoteak gizarte baterako dauen garrantzia lako gaiak jorratuko ditue.


Felipe Juaristi (Azkoitia 1957)

Informazinoaren Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Unibersidade Konplutensean. EHU/UPVko irakasle izan da, baina bere lana idazle eta poeta lez egin dau, batez be, eta euskerazko egile nabarmenetakoa da. Zenbait literatur sari irabazi ditu, horreen artean lau bider jaso dau Poesiaren Kritikaren Saria, Denbora, nostalgia (1985), Hiri melankolia (1987), Begi-izaiak (2004) eta Piztutako etxea (2014) lanei esker. 1998an euskeraz idatzitako Euskadi Literatur Saria irabazi eban Galderen geografia lanari esker eta 2000. urtean, Ume eta Gazte Literatura modalidadekoa Animalien inauteria liburuarengaitik. Horrezaz gan, eleberriak eta ume eta gazte literatura ugari argitaratu dau euskeraz. Kolaboratzaile be bada hainbat komunikabidetan.


Pedro Ugartek (Bilbo, 1963)

Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituan Deustuko Unibersidadean, baina ibilbide profesional osoan kazetaritzan zein komunikazinoan ibili da EHU/UPVn. Haren literatur lanaren parte handia narratiba laburrera zuzendu dau, Los traficantes de palabras, Manual para extranjeros, La isla de Komodo, Guerras privadas edo El mundo de los Cabezas Vacías (2011) liburuakaz, besteak beste. La expedición lanak batzen ditu bere mikrokontakizun guztiak. Azken hamarkadetako narratiba laburreko antologia garrantzitsuenetan hartu dau parte: Últimos narradores (1993), Páginas Amarillas (1997), Los cuentos que cuentan (1998), Perturbaciones (2009), Antología del microrrelato español (2012), Mar de pirañas (2012), Cuento español actual (2013) eta Lejos de Troya (2015). Herralde sariaren finalista izan da, eta Nervión, Euskadiko Literatura, Papeles de Zabalanda, Lengua de Trapo, Logroño eta Julio Camba sariak irabazi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu