Udagoienagaz batera familia eta gazteentzako lantegiak Artiumen

Bizkaie! 2019-10-04 08:59   Kulturea

Euskal literatureari eta arteari buruzko euskerazko irakurle-kluba dakar Museoak.

Udearen eta oporren amaiereagaz eta udagoienagaz, Gasteizko Artium Museoak familientzako eta gazteentzako programei ekingo deutse barriro astegoien honetatik aurrera. Denporaldiko barrikuntzen artean, Mikel Ayerbek dinamizautako euskerazko irakurketa kluba dago. Antoni Muntadasen erakusketa barria gaur, barikua, inaugurauko da, eta Begoña Zubero argazkilaria izango da Artium Bildumeari lotutako Artistak gurean saioaren protagonista. Bestalde, Eskualdea programearen barruan aurreikusita dago, beste ekintza batzuen artean, Kuartangoko bainuetxean erakusketea atontzeko prozesua jentearentzat edegitea. Urriko agendea papelean lortu daiteke Museoan, eta bersino digitalean Artiumen webgunean.

Urriko lehen astegoien honetatik aurrera, Artiumek familientzako, Artium txikia eta Good Morning Artium! lantegiak eskainiko ditu. Domeka bakotxeko proposamena ezbardina da, nahiz eta beti Artiumen erakusten diran erakusketakaz edo obrakaz lotutako gai bati lotuta egon, eta Hezkuntza guneetan egiten dan jarduera kolektibo bati lotuta egon; berbarako, domeka honetan, urriaren 6an, Artium txikia programako partaideek (5 urtera arteko umeak, heldu bana lagun dabela) Mobimenduagaz esperimentauko dabe espazioan, Barruan eta kanpoan izeneko lantegi batean, Museoan ikusgai dagozan zenbait obratan sartu ahal izateko. Edo Good Morning Arium! (11 urtera arteko neska-mutilentzat), Barriro imajinetea lantegian Antoni Muntadasen erakusketa inaugurau barria erabiliko da abiapuntu lez, erakusketako irudi eta soinu ugarigaz olgetako, hori guztia ingelesa praktiketan dan bitartean.

Astero egiten diran lantegi horreez gan, hilero familientzako lantegi berezi bat eskaintzen dau Museoak, FamiliArtium; bertan, 12 urtera arteko neska-mutilek parte hartu leikie. Urrian, hilaren 19an, lantegia komikiari buruzkoa izango da, eta bertan, gorpu guztiz fina jatorri surrealistako olgetatik abiatuta, parte-hartzaileek personaia ezbardinak sortuko ditue, ondoren komiki baterako gidoia idazteko.


Artistak gurean

Berbaldi eta mintegien atalean, Artiumek artistakaz egindako topaketen edizino barria programau dau urrian (eguaztena, urriak 9), eta Begoña Zubero argazkilaria izango da gonbidatua. Zubero Artium Bildumako hainbat lanen egilea da, besteak beste, 2007ko Touch argazkiarena.

Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofizialaren Arabako ordezkaritzeak eta Artium Museoak antolatutako Sorkuntzea. Uria. Paisajea. Jardunaldien egitarauaren parte da, gainera, artistearen berbaldia. Jardunaldiak urriaren 9an, 10ean eta 11n izango dira, eta sormen-prozesuek uri-paisajearen taiukeran daben eragina aztertuko da hainbat arlotako espezialistakaz.

Artiumek, gainera, Euskal Irudigileak alkarteak antolatutako Irudika Ilustrazino Topaketa Profesionala hartuko dau urriaren 24, 25 eta 26an.


Irakurle taldea: euskal literaturea eta artea

Artium museoak dakarren barrikuntza nagusietako bat euskerazko irakurle klub bat da, Mikel Ayerbe irakasle eta idazlearen eskutik egingo dana. Euskerazko literaturea eta artea buztartzeko asmoz, saioan parte hartzen dabenek proponidutako liburuaren edukia eta sorkuntza artistikoagazko loturak komentauko ditue. Kasu honetan, berezitasuna da bertaratzen diranek liburuaren egileagaz alkarreraginean ibilteko aukerea izango dabela. Lehen saioa urriaren 17an izango da, eta Xabier Gantzarainen Zuloa liburua aukeratu da abiatzeko. Gantzarainek 23 artelan erabili ditu Euskadiren oraintsuko historia aztertzeko.

Urrian Artiumeko jardueren programea osotzeko, egu (euskeraz) eta igandero (gaztelaniaz) bisita gidatuak egiten dira doban erakusketetara, eta Artiumeko lorategira hilean behin (Bost zentzumenen lorategia), hileko azken zapartuan. Horrezaz gan, Institut Français-en laguntzinoagaz atondutako CinémArtium programeak La belle et la meute filmari buruzko frantsesezko zine-foruma dakar.


Eskualdea Programea

Arabako landa-eremuan arte garaikidea zabaltzeko Eskualdea programaren barruan, urriaren 7tik 11ra bitartean, Leyre Goikoetxeak Miriam Isasi, Belén Cerezo eta Anabel Quincoces artistakaz komisariautako Un triángulo, 3 vertices_ser_rizoma erakusketearen muntaketa-prozesua ikusgai egongo da publikoarentzako.

Zapatuan, hilak 12an, erakusketea jentearentzat edegiteagaz batera, bisita gidatua antolatu da Quincocesek Gatz Haranean dauen instalazinora. Ondoren, Jon Bellidok bainuetxean kontzertua eskainiko dau. Zianotipia lantegi bat egitea be aurreikusita dago hilaren 19an, zapatuan, Belen Cerezok erakusketarako egindako proposamenari lotuta.


Erakusketak

- Muntadas. Alkarregazko loturak, interconexiones, interconnessioni. Inaugurazinoa: urriaren 4an, 20:00etan (2020ko urtarrilaren 12ra arte).

- Queda mucho pasado por delante. Oroi. Artium Bildumea (2020ko urtarrilaren 5era arte).


Laster

- Elena Mendizabal. Eskulturea (2019ko zemendiaren 8tik 2020ko maiatzaren 4ra).

- Un triángulo, 3 vértices_ser_rizoma. Programa Eskualdea (Zuhatzu Kuartangoko Bainuetxea, 2019ko urriaren 12tik zemendiaren 20ra).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu