Azkuna Zentroak 2019ko azken hiruhilekoko programea aurkeztu dau
2019-10-04 08:40 KultureaArtea eta teknologia, zinemea, proposamen eszenikoak eta abar egongo dira.
Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Azkuna Zentroak, egitarau betea eta askotarikoa atondu dau urteko azken hiru hileetarako. Bilboko Udaleko Gonzalo Olabarria, Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendaria eta Rakel Esparza programazino arduraduna agertu dira jentaurrean, egitarauaren nondik norakoak azaltzeko.
Ganera, dozena bat artista be egon dira aurkezpenean. Azkuna Zentroaren laguntzinoagaz, sormena landu ahal izango dabe 80 bat artistak, eta horreen ordezkari joan dira. Bestelakoan, hainbat ataletan banatuta dago egitaraua:
- Kultura Garaikidea eta Teknologia: Open Codes. We Are Data ekimenagaz hasiko da atal hau. Alemaniako Karlsruhe uriko ZKM zentroagaz lankidetzan, nazinoarteko hogei artistak bizitoki dogun munduari buruzko gogoetea egingo dabe, kodeek sortu eta gobernautako mundu honetaz hain zuzen.
Arte garaikidearen bide horretan, Fatxada proiektua; Susana Blascoren No rain, no gain diseinu, ilustrazino eta komikiaren inguruko lana; eta Ane Pikaza artistearen sormena aitatu leitekez.
Egonaldi Artistikoetan, Azkuna Zentroak sortzaileei beharrezkoak dituen material eta espazioak eskaintzen deutsez, euren programazinoaren inguruko eta Zentroko jardueren proiektuak aurrera eroan deiezen. Praktika Artistikoen egonaldiaren kasuan, alkarregaz lanean dabiz Alina Alguila kubatarra eta Tana Garrido euskalduna.
- Zinema Klasiko eta Garaikidea: Zinematekea zinema klasiko zein garaikidearen erreferente bihurtu da, eskaintza komertzial zorrotzetatik kanpo. Zinemearen historiako 50 harribitxi-k arrakasta handia izan dauenez, hurrengo urtean Zinemearen historiako 100 harribitxi bihurtuko da. Jaialdi entzutetsuen egoitzea be izango da Azkuna Zentroa: Zinebi, Zinexit eta Zinemakumeak Gara!.
Natalia Piñuel eta Enrique Piñuel komisario dirala, Zinema edegia atala egongo da martxan. Open Codes. We are data programa publikoaren zati bat da, aro post-digitaleko errealidadeari buruzko zientzia-fikzino, utopia eta distopiei buruzkoa.
- Arte biziak: jantzea, performanceak, forma barriak, musikea, soinuak eta musika esperimentalak leku zabala hartuko dabe. Arte eszenikoen denporaldia Matarile Teatroren Daimon y la jodida lógica antzezlanak zabalduko dau. Hiesaren Munduko Egunean, Aimar Pérez Galí koreografoak The Touching Community piezea aurkeztuko dau, jantzea eta Hiesa lotuz. Euskerazko eskaintzeari jagokonez, Tartean Teatroak Ghero antzeztuko dau.
Hotsetan programan, Europako eta bertoko artistak batuko ditue hainbat entzunalditan, esate baterako, Jean-Luc Guionnet & Lotus Khouri eta C. Alex McLean & Sarah Rasines. Ur azpiko kontzertuen zikloa be antolatuko dabe.
- Hezkuntza programea: Gabonak arte-k biribilduko dau urteko programazinoa. Gabonetako programa ludiko-hezitzailea da hori, familia osoentzat aproposa. Hezkuntzearen alorreko beste proposamen interesgarri bat Maby Revuelta artistearen Play Time da. David Hornback argazkilariagaz ibiliko da alkarlanean hiruhileko honetan.
Lau urteko plana
Aurkezpena aprobetxauta, Fernando Pérez zuzendariak, Azkuna Zentroaren 2019-2023 Programa Proiektuko lehenengo bederatzi hileen inguruko balorazino ona egin dau. Plangintza barriak ekarritako aldaketak gogoratu ditu, berbarako, Gutun Zuriaren ikuspegi barria, eta sorkuntza artistikoa bultzatzeko programak martxan jartea. Udako programazinoa, orain arte egon ez dana, arrakastatsua izan da, 40.000 parte-hartzaile izan ditu eta.
Pérezek azaldu dauenez, azkenaldion gune barriak zabaldu ditue, adibidez, dendAZ. This is Basque Design, diseinuari leiho bat zabaltzeko helburuagaz atondua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!