'Arnasa Gara' aurkeztu dabe, euskerearen arnasguneen ahalduntzea eta autortzea sustatzeko

Bizkaie! 2019-09-30 13:46   Euskerea berbagai

Ekimenaren inguruko informazino gehiago hemen

Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak (UEMA) Arnasa Gara ekimena aurkeztu dabe gaur, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Proiektuaren helburua da euskerearen arnasguneetako biztanleak ahaldundu, autortu eta kontzientziazinoa indartu, jaubetu daitezan gune horreek euskerearen indarbarritzean daben garrantziaz. Ekimenak fase bi izango ditu: Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta autortzea izango dira ardatz da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osogai nagusietako bat izango dan Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, barriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealidadea eta garrantzia ezagutzera emoteko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak be parte hartzen dabe.

Prentsaurrekoan proiektua babesten daben erakundeetako ordezkariak izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea. HEra berean, ekimen honetan parte hartuko daben zenbait udalerrietako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dabe proiektu honen atzean dagoan lankidetzea.


Abiapuntua

1991an, Joshua Fishman soziolinguistak nabarmendu eban ze garrantzitsua dan hizkuntza baten biziraupenerako eta bizibarritzerako breathing space edota arnasgune bat. Ordutik, arnasguneak jagotea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gitxituen bizibarritze-prozesuetan. Euskerea ez da salbuespena izan, eta azken hamarkadetan lan handia egin da arlo horretan. Kezka horretatik sortu zan, esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea eta bide horretan sustatu dira hainbat eta hainbat ekimen.

Soziolinguistika gaietan adituak diranentzat gai ezaguna bada be, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia nahikoa arrotza da herritar gehienentzat. Horregaitik, hizkuntzea indartzeko euskerearen arnasguneek daben garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu eben Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakundeak arnasguneen garrantzia azpimarratzeko kanpaina bat abian jartea erabaki eben, UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera.


Ikerketea

Gaur egungo egoerearen inguruko ikerketa bat egitea izan zan proiektuaren lehen pausua. Ikerketa kualitatibo bat egin zan, parte-hartze prozesuak herriz herri eginez: Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrakaz batu ziran Iametza komunikazino-enpresea eta UEMA. Eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta etorri ziran, oso baliogarriak izan diranak geroko proiektua taiutzeko.

Arnasguneen artean aniztasun handia dagoan arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak...), zortzi herri horreetako esperientziak erabili ziran ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean era askotako gogoetak jorratu zituen, ikuspegi positiboak zein ardurak. Holan, herriotan egindako saioetan nabarmentzen zan elkarrizketatu gehienek azpimarratzen ebela euren herrietan euskeraz bizi daitekeela naturaltasun osoz eta aitatzen zan gazteak dirala euskereari gehiagotan eusten deutsienak herritik kanpo. Era berean, parte hartu ebenek nabarmendu eben merkataritzan zein ostalaritzan euskerea dala hizkuntza nagusia. Halan da be, herritarrek zeozelako gainbeherea igarten eben euskerearen erabilereari jagokonez. Zenbait parte-hartzailek norberaren euskalkiagazko konplejuak be badirala adierazo eta beste ondorio bat aitatzearren, adierazoten eben lantokietan gaztelerak presentzia handia dauela.


Arnasguneen errealidadea eta garrantzia

Arnasguneak zein diran adierazoteko ez dago marra zurrunik; oro har, euskerearen ezagutza zein erabilerea % 80 ingurukoa dabenak sartzen dira multzo horretan.


Proiektuaren nondik norakoak

Ikerketa kualitatiboa eginda eta arnasguneetako errealidadea hobeto ezagututa, erakundeek arnasguneen inguruko ekimena era egokian zehazteko moduan izan dira. Arnasa Gara proiektuak fase bi ditu eta hiru osogai nagusi: komunikazino kanpaina bat, herrietan egingo diran aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala.

Lehenengo fasean (urrian eta zemendian zehar) anasguneen ahalduntzea eta autortzea izango dira ardatz. Komunikazino kanpaina baten bitartez (sareetan eta tokiko hedabideetan) eta aurkezpen-ekitaldien bidez, Arnasa Gara ekimenaren nondik norakoak azaldu eta arnasguneek daben garrantziaren gaineko kontzientziazinoa landuko da. Ahalduntze eta autortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Kartzela serie digitala aurkeztuko da. Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek be parte hartuko dabe. Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dala kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezela zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, berbadiak, aktoreen berba-hartzea... Kartzela serie digitalaren lehen kapitulu biak primizian ikusteko aukerea izango da. Saioaren amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo ditue, otordu batez lagunduta. Ordu eta erdiko saioa izatea aurreikusten da.

Hiru Damatxo produkzino etxea arduratu da Kartzela serie digitala egiteaz. Zazpi kapitulu izango ditu eta kanpainearen elementu barritzailea izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ostean BECen harrapatuta dagozan sei lagun dira istorioaren protagonistak, arnasguneetako herritarrak dira guztiak. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, apurka-apurka topauko dira eta eraikinetik zelan urten pentsetan hasiko dira.

Arnasguneetan egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia eta alkarrizketetan ateratako zenbait gai jorratuko dira, zeharka nahiz zuzenean; danetara, 22 udalerritan egingo dira saioak.

Kanpainaren bigarren fasean, mezua Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko jake. Abenduaren erdialdean serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat (EiTBk zabalkunde horretan lagunduko dau) eta helburua izango da arnasguneen gaineko mezu hori gune horreetan bizi ez diran herritarrei be helarazotea. Arnasguneak ezagutzera emo eta euskaldun guztion aurrean autortu egin nahi jake daben garrantzia eta egiten dabenn ekarpena. Ekimenaren inguruko informazinoa webgune honetan konsultatu daiteke: www.arnasagara.eus

Kontuak kontu, urriaren 3an, 19:00etan, kanpainearen barruan, herritarrentzako lehen aurkezpen saioa egingo dabe Azpeitian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu