Bertso-epaile izateko ikastaroa antolatu dabe

Bizkaie! 2019-09-27 12:44   Bertsolaritzea

Launa orduko saio bi izango dira, Bilbon.

Epaileak, adi, txapelketako saio baten (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolaritzako txapelketetan epaileek egiten daben lana modu sakonean jorratu nahi dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, jardun horretan hasi nahi dabenei formakuntza egokia emoteko. Horretarako, ikastaroa antolatu dau, Bilbon, urriaren 19an eta 26an, goizez. Egun biak zapatuak dira, eta 10 euro pagau behar dira izena emoteko. Urriaren 13ra arte apuntau leiteke.

Lehenago be, Bertsozale Alkarteak egin izan ditu epailetza-ikastaroak, baina laburrak izan dira, ordu bikoak, parte-hartzaileei jardun horren hasi-masiak erakusteko baino ez. Oraingo honetan, sakonago landuko ditue edukiak, epaitzeko prest egongo dan jente barria egon daiten.

Epaile Taldeko Trebakuntza Taldeak antolatu dau ikastaroa, eta eskarmentu handiko epaileak izango dira irakasleak. Lau gai nagusitan banatu dabe erakutsi beharrekoa, holan antolatuta:

Urriaren 19an: Neurria eta bertsomoldeak + errimea eta hizkuntzearen erabilerea.

Urriaren 26an: Gaia eta arrazoiketea + kantaerea, denporea eta ñabardurak.

Interesa daukan edozein bertsozalek emon leike izena, urriaren 13ra arte. Horretarako, 94 681 27 11 zenbakira deitu behar da, edo bizkaia@bertsozale.eus helbidera idatzi. Ikastaro osoa egiten dabenei parte-hartze agiria emongo deutsie amaieran.

Bizkaiko Bertsozale Alkartearen arabera, helburu bikotxa dauka ikastaroak: batetik, epailetzearen inguruko interesa edo jakingurea daukienei arlo horretara hurreratzeko modua emotea; bestetik, bertsogintzearen beste atal batzuetan dabizanei bertsogintzea beste alde batetik ezagutzeko, edo bertsogintzatik ez deskonektetako aukerea emotea. 

Txapelketak datozanerako, bertsolariak ez eze, epaileak be behar dira. Txapelketa hurreratu ahala, makina bat bertsozale inguratzen jaku, antolaketan laguntzeko gertu. Bertsolaritan be ezin esan makal gabizananik, entzuleen presentziak be ez gaitu kezkatzen. Gai-jartzaileak eta epaileak, barriz, txapelketearen seme-alabak dirala esan leiteke, txapelketea igaro eta ostean, gehienetan lurrundu egiten diralako, azaldu dau Epaile Taldeak ohar baten.

Epaile Taldeko Trebakuntza Taldeak dei hau egin dau: Epaile onak gura doguz, eta epaile onek trebatu beharra daukie. Hona hemen alagalako abagunea erronka horri heltzeko. Bertsolariek behar gaitue, txapelketea egongo bada! Antolatzaileok behar zaituegu, bertsolarien lana epaituko bada!.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu