Donald Sutherlandek esker onez hartu dau Donostia Saria

Bizkaie! 2019-09-27 08:53   Zinemea

Euskerazko esaldi batzuk be esan ditu aktore kanadarrak Kursaalean.

Jose Luis Rebordinos, Donald Sutherlandi saria emoten (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko zinemazaleen bihotzetara heldu da Donald Sutherland, Donostia Saria hartzen etorri danetik. Sinadurak eta argazkiak eskatu deutsiezen zaleei atsegin handiz erantzun deutse bere hotelaren atarian, Hernaniko Chillida Leku eta Bilboko Guggenheim bisitetako tartea be hartu eban, eta bart, saria hartzeko ekitaldian, Kursaal bete daben ikusleak pozik itxi ditu, euskeraz esandako esker oneko berbakaitik.

Mila esker, Euskal Herria, izan da Sutherlandek esandako esaldietako bat. Izan be, Donostia Saria jasoteagairik poz-pozik dagoala autortu dau. Brometan, Donostian etxea erosi nahi dauela adierazo dau. Beti irribarretsu, alfonbra gorrian autografoak sinatu eta sinatu ibili da, Kursaalean sartu aurretik. Galan, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak emon deutso Donostia Saria.

Ekitaldian, ganera, Sutherlandek parte hartu dauen azken filma proiektau dabe, The Burnt Orange Heresy, Giuseppe Capotondik zuzendua. Mick Jagger, Claes Bang eta Elizabeth Debickigaz batera agiri da Sutherland thriller horretan.

Donald Sutherland 1935ean jaio zan Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Injineru izateko asmoa alboratuta, antzezpenaren alde egin eban, eta telesail ugaritan parte hartzen hasi zan: The Saint eta The Avengers, besteak beste. Pantaila handian, Il castello dei morti vivi (Warren Kiefer, 1964) izan zan Sutherlanden lehenengoa, Christopher Lee handiaren ondoan.

Arrakastearen arrastoan sartu zan laster, The Dirty Dozen (1967) klasikoan egindako lanari esker. M.A.S.H. eta Johnny Got His Gun be publikoaren gustukoak izan ziran. 1970eko hamarkadan, Federico Fellini eta Bernardo Bertolucci zuzendari ezagunen aginduetara egin eban lan, Invasion of the Body Snatchers bitxian agertu baino lehen.

1980 eta 1990eko hamarkadetan be, aktore eta zuzendari ospetsuen alboan egin eban lan, JFK, A Time to Kill eta Space Cowboys filmetan, besteak beste. Azken urteotan, maila handiko pelikuletan ikusi ahal izan dogu, baita fenomeno sozial bihurtutako The Hunger Games sagan be.

150 film baino gehiagotan agertu bada be, Oscar saririk ez dau sekula irabazi Donald Sutherlandek. Halandabe, Ohorezko Oscar Saria bai, emon eutsien 2017an, bere ibilbide osoagaitik. Urrezko Globoak, Emmy Sariak eta abar irabaziak ditu.

Penelope Cruz, gaur

Aurten, hiru Donostia Sari emongo ditu Zinemaldiak. Jaialdiaren bigarren egunean, Costa-Gavras zuzendari greziar-frantziarrari emon eutsien, eta gaur, barikua, Penelope Cruz aktorearen txandea izango da. Azken hamarkadetako Espainiako zinemagintzearen ikonoetako bat dalako sarituko dabe Cruz.

Espainiako pelikuletan hasi zan ezagun egiten gazte-gaztetatik, Almodóvar, Trueba, Amenabar eta abarren aginduetara. Ondoren, nazinoartera salto egin eta, besteak beste, Woody Allenen filmetan parte hartu izan dau. Espainieraz, ingelesez, frantsesez eta italieraz egin ditu pelikulak.

Sari ugari emon deutsiez: Oscar Saria, Canneseko zinemaldian emakumezko aktorerik onenaren errekonozimendua, Frantziako Cesar, Britainia Handiko Bafta, Espainiako hiru Goya, Arte Ederretako Urrezko Dominea... Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hirutan lehiatu da.

Penelope Cruzen filmografiako lanik esanguratsuenak honeek dira: Belle Époque (1992), Jamón Jamón (1992), Abre los ojos (1997), La niña de tus ojos (1998), Todo sobre mi madre (1999), Vanilla Sky (2001), Volver (2005), Vicky Cristina Barcelona (2008), Pirates of the Caribbean, on Stranger Tides (2011), To Rome with Love (2013), Loving Pablo (2017) eta Dolor y gloria (2019).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu