Costa-Gavrasen konpromiso politikoa saritu dau Zinemaldiak
2019-09-23 07:55 ZinemeaAurtengo Donostia Sarietako bat emon deutsie.
Donostiako Zinemaldiak hiru Donostia Sari emongo ditu aurtengo edizinoan: Penelope Cruz, Donald Sutherland eta Costa-Gavrasi. Azken hori Gipuzkoako uriburura etorri da dagoeneko, Zinemaldiko bigarren egunean egin deutsielako omenaldia, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldian, Costa-Gavrasen film barria be proiektau dabe, Adults in the Room, Yanis Varufakis Greziako Finantza ministro izandakoaren liburuan oinarritua.
Saria emoteko orduan, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak garbi itxi dau ze asmo izan daben: Zinema politikoa, salaketa soziala helburu dauena nabarmentzea, izan be, era horretako zinemagintzearen autore nagusietako bat da Costa-Gavras greziar-frantsesa.
Galea Vanessa Rodriguez kazetariak aurkeztu dau. Nabarmendu dauenez, kamerea gordintasun eta erabateko askatasunez hurreratu dau Costa-Gavrasek, bardin diktadura totalitarioetara, garbiketa politikoetara, arrazakeriara zein kapitalismoaren gehiegikerietara. Zuzendariaren filmen irudi aukeratuen bideoa be proiektau dabe; bertan ikusi ahal izan da Costa-Gavrasen begirada zorrotz eta kritikoa.
Guretzat, zinemagileontzat, sari ederra da hau, adierazo dau Costa-Gavrasek, Donostia Saria hartzen oholtzara igon dauenean. Jose Luis Rebordinosek emon deutso.
1933an jaio zan Costa-Gavras, Grezian, baina gazterik emigrau eban Frantziara, bere jaioterriko politika ustelagaz gogaituta. Frantziako zuzendari ezagunen laguntzaile izan eta gero, 1965ean aurkeztu eban bere lehenengo film luzea, Compartiments tueurs. 1969an, Z filmari esker Oscar Saria irabazi eban.
Beste lan aitagarri batzuk dira L’aveu (1971), État de siege (1973), Section Spéciale (1975) eta Clair de femme (1979). 1980ko hamarkadatik, Estadu Batuen eta Frantziaren artean ibili izan da proiektuak egiten, batzuetan ingelesez. Music Box (1989) eta Mad City (1997) lanek errekonozimendua ekarri eutsien mundu guztian. 2012an, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean hartu eban parte, Le capital filmagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!