Hong Kong makalik (I)
2019-09-25 08:37 BidaideKonponbiderik topau ezean, Hong Kong Txinako Herri Errepublikan sartuko da bete-betean 2047. urtean.
Paladin Cheng Hong Kongeko kanpoaldeko bizileku bateko apartamentu txikian bizi da eta oraintsu etxea jagoteko kamerak jarri ditu, izan be, egurre emoten edo hilten etorriko ete jakozan bildur da. Bost urte daroaz Txina kontinentalaren mugea pasau barik bueltan joateko arazoak izan leikezalakoan: Hong Kong uriaren independentziaren aldeko bandera bategaz nabil hara eta hona eta agintariek ez dabe gura holako jarrerarik azaldu dau. Txakur, katu eta bikoteagaz bizi dan etxeko hormak sano meheak dira eta goitik behera kolonia-britainiarren sasoiko ikur eta bestelakoakaz josita dagoz.
Cheng eta askorentzat independentzia da bide bakarra 1997. urtean Txinari bueltan emon jakon 7,4 miloe herritarrez osotutako uriak aurrera egin daian: Alderdi Komunistea da arazo nagusia. Konponbiderik topau ezean, Hong Kong Txinako Herri Errepublikan sartuko da bete-betean 2047. urtean; Tibet edo Xinjiangek bizitako egoerea biziko geunke, berredukazinorako gune eta guzti aurresan dau. Horrezaz gan, genozidioa iragarri dau nazinoarteak esku hartzen ez badau egungo indarkeria giroa eta protestak baretu daitezan. Nire birraitita Hong Kongera etorri zan komunista txinatarrakandik igesi. Egun Hong Kongeko herritarrei oinarrizko giza eskubideak, adierazpen eta prentsa eskubideak kendu eta uria bera berreskuratzea errazagoa da ohartarazo dau.
Hong Kong askatu, gaur aroko iraultzea da joandako bagilaren 9tik hona Asiako finantza gune handienetakoa hankaz gora jarri daben manifestarien lema nagusia. Aitatu egun horretan, miloe bat lagun egon ziran kalean estradizino lege proposamenaren kontrako protestatan. Gobernuak ez dau gura Hong Kong gaizkileen babesleku izatea eta herritarrak, ostera, bildur dira gorabehera politikoakaitik auziperatze prozesuak ugaldu daitekezalako.
Astebete aurrerago, sano manifestari gehiago batu ziran kaleetan eta giro baketsuan, Hong Kong kolapsau egin zan. Garagarrilaren 1ean, ostera, Hong Kong Txinako parte izatera bueltau zaneko 22. urteurrenean, manifestariek gogor egin eben Administrazino Bereziko Herriko Legebiltzarraren kontra eta txikituta itxi eben. Ordutik etxe-orratzen arteko kale estuetan ia egunero dagoz istiluak eta poliziak gomazko balak, negar egiteko gasa eta pipermin-esprayak erabilten ditu baltzez jantzita, kasko, maskara, goardasol, harlauza eta uri-hornigarriak erabilten dituen manifestarien kontra.
Gobernuko buru Carrie Lam-ek lege-proiektua bertan behera ixtea erabagi eban hilaren 4an baina ordurako berandu zan. Mobimentuak beste helburu potoloago batzuk ditu orain eta lau eskakizun gehiago egin ditu, besteak beste, indarkeria darabilten manifestarien kontrako salaketak indarrik barik ixtea eta datorren urtean Lam-en ordezkoa aukeratzeko hauteskundeak; ez dogu beste ezer onartuko lako pintadak agiri dira uriko hormetan.
Protestak hasi ziranetik hilebete edo joan danean, balantzea bildurgarria da: ia 1.400 lagun atxilotu ditue eta horreetako asko auziperatu; poliziak negar eragiteko 2.500 pote jaurti ditu, turismoak % 40 egin dau behera (Portzentaje handiena 2003ko SARS izurritea izan zanetik); horrezaz gan, Fitch eta Standard & Poor lako finantza erakundeek bajatu egin dabe uriaren kalifikazinoa eta enpresen finantziazinoa nabarmen karutu egingo dala aurreratu dabe.
Krisia hasi zanetik Hong Kongeko 500.000 dolar galdu ditut (58.000 euro). Bezeroak orain erdia edo gitxiago dira eta protestak dagozanean zarratu egin behar izan dogu dino One Dim Sum, enpanadilla tipikoak saltzen dituan establezimenduko kudeatzaileak. Logistika eta elektronikako beste establezimendu batzuetan okerragoa izan da egoerea, izan be, uritik alde egin behar izan dabe. Burtsan be datuak ez dira bolanderak botateko modukoak. Azken buruan, gizarte eta politika mailako ezegonkortasunak kalte handia eragingo deutso ekonomiari.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!