Berbaldiak, tailerrak eta erakusketak, 13. Bilboargazkin

Bizkaie! 2019-09-23 13:53   Kulturea

Urrian izango dira jarduerak.

Juan Pablo de Miguelek 'Deriba' izeneko erakusketea ipiniko dau Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Hainbat estilo eta gai lantzen dituen hamar argazki erakusketa bisitau ahal izango dira Bilboko hainbat lekutan, urriaren amaierara arte, Bilboargazkiren 13. edizioaren barruan. Euskal Herriko Argazkilari Alkarteen Federazinoak antolatzen dau jaialdia, Bilboko Udalaren eta BBKren babesagaz. Hamar berbaldi eta lau tailer be badagoz egitarauan.

Ibilbide luzeko profesionalak etorriko dira Bilbora, Bilboargazkiren antolatzaileen arabera. José Benito Ruiz natura-argazkilari, idazle eta irakaslea eta Juan Pablo de Miguel, naturako zein urietako paisaietan espezializadua aitatu leitekez horreen artean. Valiente Verde erretratugilea eta Ramón Serras euskal argazkigintzearen erreferentea be artista nabarmenak dira.

Bilboargazkiren erakusketak ipinteko lekuak azpimarratzekoak dira, era guztietako eraikinetan ikusi ahal izango diralako argazkiak: Abandoko eta Burtsako udaltegietan, EHUren Paraninfoan eta Erakusketa Aretoan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan, FNAC aretoan, Bilbao Centroren egoitzan eta Bizkaiko Abokatuen Alkargoan. Azken biek lehenengo aldiz hartuko ditue Bilboargazkiko erakusketak.

Erakusketen inguruko informazinoa, hemen.

Tailerretan, argazkilari profesionalen eta zaleen arteko trukea bultzatuko dabe. Urriaren 12an eta 13an, José Benito Ruizek argazki konposizinoari buruzko prestakuntza espezializadua eskainiko dau. Valiente Verdek urriaren 19an gidatuko dau beste lantegi bat, eta Juan Pablo de Miguelek, ostera, 6-pauso metodoa landuko dau 26an. Irene Cruzek hilaren 5ean eta 6an landuko dau sare sozialen eta argazkigintzearen arteko loturea.

Aurreko edizinoetan izan daben harrera bikaina ikusita, aurten be 8 eta 13 urte bitarteko umeentzako ikastaroa antolatuko dabe, urriaren 27an, Azkuna Zentroan. Argazkiak egiteko, inguruetara txangoa egingo dabe neska-mutilek. Ateratako argazkiak jaialdiaren webgunetik jaitsi ahal izango dira. Tailerrean izena emotea doban da, baina plazak mugatuak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu