II. Ibilaldi Of Styles Gautegiz Arteagan

Bizkaie! 2019-09-23 07:55   Kulturea

Irailaren 28 eta 29an, Gautegiz Arteaga miesa bizi bihurtuko da II. Ibilaldi of Styles ekimen berezian.



Hogeita hamar kale artistek parte hartuko dabe zuzenean sortuz euren artelanak, Gautegiz Arteagako herri ibilbidean.

Gautegiz Arteagako Udalak eta herriko artista dan Mikel Aldekogaraik martxan jarritako ekimenak graffiti artearen sormen artistikoa sustatzearen alde egiten dau eta, bide batez, herriko guneak erakusteko, bai herritarrei baita bisitariei be.

Gautegiz Arteagako Udalak eta herriko artista dan Mikel Aldekogaraik martxan jarritako ekimen kultural eta turistiko honen helburu nagusiak Graffiti artearen sormen artistikoa sustatu eta herriko guneak erakustea dira: Orain urte bi ekimen artistiko honen alde egin eta oso pozik gagoz emoitzeagaz; Gu ezagutzera emoteko modurik onena da Gautegiz Arteagako herria artearen sustatzaile izatea, ekimen kultural honen sustatzailea, eta bide batez, artearen bitartez, kulturea eta naturearen bitartez bisitariak herria ezagutzea. Herriko artista bati babesa emoteak be harrotzen gaitu, azaldu dau Juan Felix Naberanek, Gautegiz Arteagako alkateak.

Ibilaldi of Styles ekimenaren 2. edizinoan graffitiko 35 kale artistek Gautegiz Arteagako kaleetan zehar agertuko dabe euren artea. Antolakuntzeak herri guztia zeharkatzen dauen ibilbidea atondu dau. Oinarri ezbardinetan graffiti artistek euskal kultureari buruzko euren ikuspuntuak agertuko ditue artelanetan.

Hurreratzen diranek, espraiz egindako kale artea zuzenean ikusi eta gozetako aukerea izango dabe, irailaren 28an eta 29an, 11:00etatik 20:00etara. Ekimena borobiltzeko, zapatuan 12:00etan, umeentzako graffiti tailerra eskainiko da herriko plazan; zapatuan be kontzertuak izango dira: El Chefa (12:00), Okher (16:00) eta The Rif Truckers (21:30). Horrezaz gan, DJ Profesor G zapatuan eta domekan musikaz beteko dau ekimena. Merchandisinga be salgai izango da eta txozna bat be herriko zelaietan, Arteagako Gazteluaren aurrean.

Herriko kale artistea dan Mikel Aldekogaraia izan da ekimenaren sustatzailea eta bigarren edizinoari ekingo deutso 2017ko lehenengoko edizinoaren erantzun ona ikusita: Orain urte bi ez zan erraza izan ekimenean pintetako hormak topetea, dudak egozan, baina jentearen erantzun handikoa izan zan. Jenteak zoriondu eta aurten herritar asko etorri dira euren hormak eskaintzen ibilbidean sartzeko. Danetara, pribatuak eta udalen arteko 17 horma pintauko doguz. Oso pozik gagoz Udalaren laguntzinoagaz, hasieratik laguntzinoa eskaini deusku ekimenaren alde eginez. Kolaborazino perfektua izan da eta eskertzen dogu, nabarmendu dau Mikel Aldekogaraik.

Kale artisten gehiengoak bizkaitarrak dira, baina Bartzelona, Malaga edo Cadizetik etorritakoak be badagoz. Artistek 15 horma barrien gainean, euren ideak pintauko ditue eta aurreko edizinoan pintautako beste horma bi barriztauko dira. Bestelako euskarriak be izango dira: koadroak eta metakrilatozko kutxak edota cellograff-eko mihiseak, zelofan eta graffitia batzeko teknikea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu