Galder Sasiainek irabazi dau IX. Carlton arte-lehiaketea

Bizkaie! 2019-09-19 10:56   Kulturea

Bigarren saria Endika Ruizentzat izan da; eta, hirugarrena, Manuel Mesarentzat.

Saridunak eta erakunde antolatzaileen ordezkariak (argazkiak: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUren eta Bilboko Udalaren laguntzinoagaz antolatu dau Carlton hotelak Aste Nagusiko IX. arte-lehiaketea. 34 artista gaztek hartu dabe parte edizino honetan, eta epaimahaiak hiru onenak aukeratu ditu dagoeneko. Irabazlea Galder Sasiain izan da, Broken izeneko lanari esker. 3.000 euroko saria emon deutsie.

Bigarren lekua Endika Ruizen Materia y Construcción obrearentzat izan da. Egileak 2.000 euro jaso ditu. Azkenik, hirugarren saria eta 1.000 euro emon deutsiez Manuel Mesari, Sobre la resistencia artelanagaitik. Hiru obra sarituak pinturak dira.

Epaimahaian bost lagun egon dira: EHUko Arte Ederren Fakultadeko irakasle Ainhoa Akutain eta Luis Candaudap; Bilboko Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarria; Mercedes Prado aholkulari artistikoa; eta Mari Sol Corral, Carlton hoteleko ordezkaria.

Sariak banatzeko ekitaldia hotelean bertan egin dabe, eta hiru obra irabazleak ikusgai egon dira. Han agertu dira Carltoneko zein EHUko arduradunak, Udaleko ordezkariak eta uriko kulturearen eta gizartearen munduko personak. Lehiaketan parte hartu daben artista gazteak be ez dira faltau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu