Deustuko Unibersidadeak 2019-20 ikasturtea hasi dau
2019-09-19 08:11 Pil-pileanDatorren urtean graduko hiru titulu barri emoten hasiko dirala iragarri dau errektoreak.
Bilboko Campuseko Paraninfoan egindako ekitaldi luze eta arranditsu baten bidez, Deustuko Unibersidadeak zabaldutzat emon dau 2019-20 ikasturtea. Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, besteak beste.
Bizkaiko Eleizbarrutiko bikario nagusiak, Félix Alonsok, emon dau ikasturte hasierako mezea. Ondoren, Paraninfoan batu dira konbidadu guztiak: Eider Landaberea Deustuko idazkari nagusiak 2018-19ko txostenaren barri emon dau, eta, ondoren, Lourdes Villalón katedradunak Hezkuntzaz eta hezkuntzarako ikertzea berbaldia emon dau.
Agintarien txandea izan da gero. Jose Maria Guibert errektoreak adierazo dau Deustuko Unibersidadeak osasun ona daukala, etorkizunerako prest: Oraina dauen proiektua dogu, gaur egungo eta etorkizuneko beharrizan, eskaera eta erronkakaz konpromisoa hartua dauen proiektua. Sendotasun horren erakusgarri, errektoreak dino 2020an beste hiru graduko titulu eskaintzen hasiko dirala, Medikuntzea, Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala eta Robotikako Injinerutzea.
Deustu bide onetik doala esatea datuetan oinarritutako errealidadea dala dino Guibertek. Aurtengo ikasturtean, % 8 egin dau gora graduko ikasleen kopuruak. Horrek berresten dau gure ikasleek eta familiek Deustugan jarri daben konfiantzea. Errektorearen arabera, Global Teaching Excellence Award saria jaso eban Deustuk 2018an, eta, orain dala aste batzuk, ikasleek Europako unibersidadeen Top-25ean ipini eben, irakaskuntzako bikaintasunagaz dauen konpromisoagaitik.
Guiberten esanetan, unibersidadeak ez dau bere funtzinoa guztiz beteten profesional onak preparau hutsagaz. Hori nahikoa litzateke Goi Mailako Ikasketa Zentro ona izateko; baina unibersidade izateak beste hiru elementu eskatzen ditu: ikerketa propioa sortzea, gizartea aldatzearen aldeko apustua egitea eta topaketarako eta eztabaidarako espazioak bultzatzea. Eta Deustun aurrerapausoak egiten gabiz. Erronka globalak ahaztu barik, lekuan lekuko erronkei erantzuteko gogoa agertu dau Guibertek, unibersidadeak Bilbo, Donostia eta Gasteizen dituan campusen bitartez.
Iñigo Urkullu Lehendakariak be egin dau berba ikasturtea zabaltzeko ekitaldian. Deustuko Unibersidadearen formakuntza-eredua txalotu dau, konpromisoan oinarrituta dagoalako. Ikasleakaz konpromisoa, baina baita alkarlanagaz eta nazinoarteko sareak sortzeagaz be. Talentua preparau zein erakarri egin behar dala azpimarratu dau.
Horrezaz gan, hezkuntzea gizarteko eragile guztien ardurea dan ezkero, alkarlanerako deia egin dau Lehendakariak. Bere ustez, lehen mailako herri erronkea da oinarrizko zein goi mailako hezkuntzea: Indarrak alkartuta baino ez dogu lortuko erronka hau etorkizuneko aukera bihurtzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!