Getxora helduko da Open House, irailaren 28 eta 29an

Bizkaie! 2019-09-18 12:59   Kulturea

Bilbon eta Barakaldon be egingo dabe arkitekturearen eta urigintzearen jaia.

2019ko Open House aurkezteko ekitaldia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko urte bietan Open House Bilbao ekimenak izan dauen arrakastea ikusirik, antolatzaileak gero eta leku gehiagotara zabaltzeko lanean dabiz. Holan, Bilbon eta Barakaldon ez eze, Getxon be egingo dabe aurten arikitekturearen eta urigintzearen jai handia. Hiru udalerrietako dozenaka eraikin historikotan dobako bisitaldi gidatuak egongo dira hilaren 28an eta 29an. Horreetako gehienak, normalean, ez dira publikoarentzat zabalik egoten.

Danetara, 81 eraikin edegiko ditue. Doban eta aurretik izena emon barik sartu ahal izango da bertan, baina eraikin batzuetan sortzen diran ilarak kontuan hartu beharko ditue herritarrek. 650 boluntario inguru ibiliko dira jenteari laguntzen.

Eraikinen artean, batzuk aurreko edizinoetan be zabaldu izan ditue: Arriaga Antzokia, udaletxea, Ibaigane eta Olabarri jauregiak, Boluetako torreak, Foru Liburutegia... Bilboren kasuan. Barakaldon, Lasesarre, BEC, Larrea jauregia, Orconera pabilioia eta abar barriro edegiko ditue.

Lehenengo aldiz zabalduko diranen kasuan, honeek dira aitagarrienetako batzuk: Cava Etxeak, Jesusen Bihotzaren eleizea, Arte Eder Museoa (Bilbo), Munoa jauregia, San Jose eta Santa Teresa eleizak (Barakaldo). Getxo aurten batu danez, hango guztiak lehenengoz ikusiko dira 2019ko Open Housen: Santa Ana baseleizea, Muxikebarri, Romoko Kultur Etxea, Andres Isasi eskolea, Abra Itsas Kluba, Etxe sorgindua...

Ganera, Getxon ez dagoan arren, Artaza jauregiak be bat egin dau hango Open Housegaz, eta barrutik ikusi ahal izango da. Leioan dago jauregi hori, eta, hortaz, aurtengo edizinoan hiru udalerrik parte hartuko badabe be, laugarren baten be egongo da zer bisitau.

Eraikin guztiak, hemen.

Jarduera osogarriak

Eraikinetako bisitaldi gidatuez gan, bestelako jarduera osogarri batzuk be atondu ditue Open Houseren inguruan. Horreek be doban izango dira, baina izena emon beharko da aurretik. Bilbotik Barakaldo eta Getxorako itsas-ibilaldia, umeentzako tailerrak eta abar dagoz tartean. Bisitaldietako argazkiak sareetan partekatzeko, Opengram ekimena ipiniko dabe martxan.

OHB Pasaportea hartzen daben herritarrei, bestetik, zigilua ipiniko deutsie bisitetan daben eraikin bakotxean. Zozketa baten sartuko dira puntuak batzen dituenak: 50na euroko 50 opari-bono egongo dira jokoan.

Open House jaialdiak zazpi informazino-puntu izango ditu, Bilbo, Barakaldo eta Getxoko leku estrategikoetan. Han eskuratu ahal izango da 2019ko edizinoaren gidea. Bilbon, Euskadi plazan, Arriagan eta Ramón de la Sota kaian egongo dira guneak. Barakaldon, Labe Garaien etorbidean eta Herriko Plazan. Getxon, San Nikolas plazan eta Ereagako kaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu