Patxo Telleriak Gaztelaniazko Testugile Onenaren Antzerki Saria jaso dau Toledon

Bizkaie! 2019-09-18 11:01   Kulturea

Antzerki Ikuskizun Onenaren saria be hartu dau Azken Trena Trenblikara lanak.

Vaiven Produkzinoak konpainiaren lanek sariak jasoten jarraitzen dabe Azken Trena Trenblikara/Ultimo Tren a Treblinka ikuskizunagaitik. Toledoko Teatro Rojasek emoten dituan antzerki sarietan Patxo Telleriak Gaztelaniazko Testugile Onenaren saria jaso dau antzezlan horregaitik, baita Antzerki Ikuskizun Onenaren saria be Vaiveneko produkzinoak. Mireia Gabilondo Eszena Zuzendari Onenaren saria jasoteko izentauta baegoan be, azkenean Emilio Gutierrez Cabak eskuratu dau sari hau La Cueva de Salamanca lanagaitik.

Ana Pimentak eta Fernando Bernuések sortutako fikzinoan, Alfonso Torregrosa, Maiken Beitia, Jon Casamayor, Gorka Martín, Kepa Errasti, Mikel Laskurain, Nerea Elizalde, Tania Fornieles eta Mariano Estudillo aktoreak dabiz. Aktore horreen artean gehienak gazteak izan arren, kritika eta publikoaren harrera beroa jaso dabe; esan bezela zuzendaritzea Mireia Gabilondorena da eta dramaturgia Patxo Telleriak egin dau bai euskeraz zein gaztelaniaz.

Antzezlan honetan, 1942ko abuztuaren 5ean Varsoviako Ghettoan jazotakoa azaltzen da; goiz horretan, Janusz Korczak doktore zaharrak, 200 ume judutar lagundu zituan Treblinkako konzentrazino eremura eroango zituan azken trena hartzen. Leiendaren arabera, naziek euren burua salbetako aukerea emon baeutsen be, doktoreak ez zituan umeak itxi eta eurekaz joan zan Treblinkara. Momentu horreetatik aurrera, galdu egiten da doktorearen arrastoa.

Antzezlanean, publikoa antzerki ekintzearen erdialdean kokatzen da, ikuslea eszenan dagozan mahaietan eta literetan jarri eta istorio honetako beste umezurtz bat bezela sentiduten da.

Datorren barikuan, irailaren 20an, Patxo Telleriak Teatro Rojaseko Gaztelaniazko Testugile Onenaren Antzerki Saria jasoko dau Toledon.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu