Gure Artea 2019 saridunak: Xabier Arakistain ‘Arakis’, Sahatsa Jauregi eta Miren Arenzana
2019-09-18 08:46 KultureaEuskadik herri sortzailea izan behar dau eta horretarako kultura, artea eta sormena behar ditu.
Sariak emoteko ekitaldia Gasteizko Artium Museoan egin da, eta Urkullu Lehendakariak azpimarratu dau Euskadik herri sortzailea izan behar dauela, eta horretarako kultura, artea eta sormena behar dauela. Lehendakaria buru izan da Gure Artea sariak emoteko ekitaldian, Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Epaimahaiak aurten aukeratutako saridunak honako honeek izan dira: Xabier Arakistain Ecenarro Arakis Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko modalidadean; Sahatsa Jauregi Azkarate, Sorkuntza-lana autortzek’ modalidadean; eta Miren Arenzana Letamendi, Ibilbide artistikoa autortzeko modalidadean.
Lehendakariagaz batera, Eusko Jaurlaritzearen izenean izan dira: Josu Erkoreka, bozeroailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Beatriz Artolazabal, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Estefanía Beltrán de Heredia, Segurtasun sailburua. Era berean, Artiumera bertaratu dira, beste ordezkarien artean, Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea.
Ekitaldiaren amaieran, Lehendakariak nabarmendu dau kulturaren, artearen eta sormenaren garrantzia: Euskadik herri sortzailea izan behar dau herri bizia izaten jarraitzeko. Euskadik kultura, artea eta sormena behar ditu munduan argi propioa izan daigun. Gure Artea sarien bidez autortu nahi dogu sortzaileen lana, ibilbidea eta jarduera artistikoa, nabarmendu nahi dogulako euren ekarpena gure herriak gogo hori izan daian. Espiritu sortzaile, kritiko, edegia eta bizia. Holan, Lehendakariak azpimarratu dau artea ezinbestekoa izan da gure herria ezagunagoa izan daiten eta gure mugetatik harago be autortu deien: Artium be helburu horregaz jaio zan, eta Bilboko Arte Eder, Guggenheim edota Tabakaleragaz bat egiten dau horretan. Beste batzuekaz batera ‘think global, act local’ filosofiari eusten deutse.
Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin emoten diran garrantzitsuenak dira. Epaimahai batek erabagiten ditu urteroko saridunak; aurtengo epaimahaikideak honako honeek izan dira: Fernandol Golvano (presidentea), Beatriz Herráez, Gema Intxausti, Iñaki Gracenea eta Maite Martínez de Arenaza.
Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko saria
Xabier Arakistain Ecenarro Arakis saritua izan da Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko modalidadean. Erakusketa-komisario lez izan dauen ibilbidea azpimarratu nahi izan dau epaimahaiak, emakumezko eta gizonezko artistak bardintasunez tratau eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu ditualako. Epaimahaiak ondoko erakusketak aitatu ditu, besteren artean: Transexual Express Bilbaoarte (Bilbo, 1999); Transexual Express, Rosa Martínezegaz batera (Bartzelona, 2001); Kiss Kiss Bang Bang Arte Ederren Museoa (Bilbo, 2007); Guerrilla Girls (2013); Why Not Judy Chicago? (2015); edota Margaret Harrison. Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak (2017), Azkuna Zentroan (Bilbo).
Epaimahaiak, bestalde, 2001 eta 2003 bitartean Arakistain Bilbaoarteko erakusketa-programearen arduraduna izan zala eta 2006tik 2011ra arte Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturuneko zuzendaria nabarmendu dau: Montehermoson, kudeaketa-eredu feministea eban arte eta pentsamendu garaikideko kultur-gune barritzaile bat sustatu eban, emakumeen parekotasuna bermatuz programa guztietan.
Azkenik, Xabier Arakistainek berbaldi ugari emon dituala azpimarratu dau epaimahaiak, honakoak lako kultura-aretoetan: Londresko Tate Modern, Royal College of Art eta UCL, Parisko EHESS, Vienako MAK, Berlingo 8. Bienala, New Yorkeko Brooklyn Museum eta New Museum, Boston College, Mexiko Uriko MUAC, Costa Ricako Unibersidadea, Txileko Santiagoko Arte Eder Museoa edo Madrilgo MNCARS, besteren artean.
Sorkuntza-lana autortzeko saria
Saria Sahatsa Jauregi Azkaraterentzat izan da aurten, eskultureari eta artxiboari loturiko lana egiteagaitik eta herri-kulturearen forma ezbardinen analisi sakonean oinarritutako erreferentzia-aukera itzela osotu dauelako horretarako. Epaimahaiak, era berean, haren produkzino zabala nabarmendu dau: Baina etenbako alkarlaneko sareetan eragileak eta praktikak lotzen dituan Euskal Herriko artearen kartografia batean Jauregiren jarduera garrantzitsua bada be, artista lez produziduten dauena bere belaunaldiko nabarmenetakoen artean kokatzen da. Azken urteetan eregitako forma eta irudien katalogo zabalak —hainbat testuingurutan eta euskarritan erakutsia— berau inguratzen dauena modu berezi eta zehatzean erregistrautako bildumagile artetsua.
Era berean, haren ikuspegi artistikoaren berezitasuna goraipatu dau epaimahaiak: Inguratzen gaituenari buruzko ezohiko begirada bat da berea. Bertan gustuaren konbentzinoak analizau eta herrikoitasuna eta kitsch aitatzen dituan iruditeria konplexu eta aberats bat eregiz.
Ibilbide artistikoa autortzeko saria
Ibilbide artistikoa autortzeko saria Miren Arenzana Letamendi artista bilbotarrak jaso dau aurten. Gure Artea sarietako epaimahaiak erabagian adierazo dauenez, Arenzanaren lana erreferentzia garrantzitsua da ondoko belaunaldientzat. Era berean, haren sorkuntzan genero ikuspegia txertatzeko egindako apustua nabarmendu dau: Hiru hamarkadatan lanean ibili ondoren, Miren Arenzana Letamendi eskultoreak bere obretan beste esparru eta diziplina batzuetako erreferentziak erabilten ditu, adibidez, diseinua eta arkitekturea. Laurogeita hamarreko hamarkadatik, haren produkzinoa industriako materialen (plastikoak, gomak, metakrilatoak...) eta eskulangintzako beste batzuen (bordatuak) inguruko ikerketea dakar da, baita eskulturearen praktika esanahi eta barrikuntza formaleko beste esparru batzuetara zabaltzen daben objektuak birzikleteagaitik be, nabarmendu dau.
Epaimahaiak haren lanak azken urteetan bizi izan dauen bilakaerea azpimarratu du: Azken urteetan artistearen jarduerea gero eta hutsagoa bihurtu da, gu mobiduten eta bizi garen espazioa zehazteko, espazio hori galeriarena edo etxeko espazio batena izan kontuan hartu barik. Arkitektureagaz olgetan, argia eta kolorea modu askotan buztartzen dira bere azken proposamenetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!