Eszena Gaztea espazioa sortu dabe Bilbon

Bizkaie! 2019-09-18 08:05   Kulturea

Antzerkia eta interpretazinoa lantzeko zortzi prestakuntza-saio hartuko ditu Bilborockek.

Saioen egoitzea Bilborock izango da (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako sorkuntza-eremu barria antolatu dau, Eszena Gaztea izeneko espazioa hain zuzen. Bilborock aretoan atonduko dabe espazio hori, urriaren 15etik abenduaren 3ra arte, martitzenero. Danetara, zortzi saio izango dira.

Saiootan, izena emoten daben gazteek antzerkiagaz eta interpretazinoagaz lotutako olgeta dramatikoa eta gorputz dramatikoa landuko ditue. Ariketa errazetatik hasi, eta gatxagoetara joko dabe, taldearen eta parte-hartzaile bakotxaren gaitasunaren arabera. Zortzi saioak amaitzean, performance kolektiboa egingo dabe jentaurrean.

Gazteek irakasle bikaina izango dabe: Benjamín Alonso eszena zuzendari, koreografo, aktore eta pedagogoa. Eszena Gaztearen bidez, Udalak olgetarako, adierazpenerako eta sormenerako espazioa eskaini gura deutse uriko gazteei, antzerkia erabilita. Bide batez, antzerkiko baliabideak eta teknikak ezagutu ahal izango ditue, baita sormen eta komunikazinorako gaitasunak lantzeko bideak topau be.

Ikastaroan izena emoteko epea urriaren 4ra arte dago zabalik (hemen). Plaza mugatuak dagoz, 22 gehienez, eta, horregaitik, aukeratze-prozesu bat egingo dabe antolatzaileek interesa daben gazte guztien artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu