VIII. Serifalaris Getxon, Muxikebarrin

Bizkaie! 2019-09-17 09:59   Kulturea

Diseinatzaileek diseinatzaileentzat eta sormenaren zaleentzat sortutakoa da.

Datorren asteburuan, hilaren 20an eta 21ean, VIII. Serifalaris egingo da Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen zentroa-Muxikebarrin. Topaketa hori Serifalari Getxoko alkarteak antolatzen dau (Marina Goñi eta Freskue estudioek) BEAZen eta Getxoko Udalaren laguntzaz.

Ekimenerako eskenatoki barriak edukiera eta aurreikusitako jarduerak handitu ahal izatea ekarriko dau. Sektoreko 400 bat profesional batuko dira (diseinu grafikoa, estudioak, taldeak, proiektu aitagarriak...), 13 berbaldi eta 13 masterclass emongo dira; bertan estaduko eta nazinoarteko diseinu grafikoa landuko da eta ikus-identidade, naming edo packaging lako diziplinak aztertuko dira.

Ekimenaren sustatzaileek, Marina Goñik eta Peio Atxalandabasok, azpimarratu dabenez, Serifalaris konpartiduteko, ikasteko eta loturak edota hartu-emonak bideratzeko topagunea da. Ezaguera eta networking plataformea da, bertan sektoreko azken jokerak eta kasu arrakastatsuak erakusten dira eta bertaratzen diranei ezaupideak, esperientziak eta hartu-meonak lortzea errazten jake.


Egitaraua

2019ko egitarauan, besteak beste, ondorengo hizlariak egongo dira: Toni Segarra, (nazinoarte mailan autortua XX. mendeko Espainiako sortzaile onenetarikoa); Pablo Amargo, ilustratzailea; Martina Flor, lettering-en eta tipografikan aditua eta Nacho Padilla diseinatzailea. Egitaraua osotuz honako honeek egongo dira: Andrés Requena, ikus-identidadean aditua, irakaslea eta ekintzaile grafikoa; Ena Cardenal diseinatzailea; Elena Veguillas, aholkularitza-tipografikoa egingo dauena; Susana Blasco eta Nerea Gómez, Bilbon Ladies, Wine & Design izeneko ekimenaren arduradunak; LLOS&, Serial Cut™, Yinsen eta Mucho estudioak; Ignasi Fontvila, naming-en aditua; Juan José Elizondo, Country Manager eta Coach Espainiako Interaction Design Foundation-en; Laura Meseguer, lettering eta tipografien diseinatzailea eta Joancarles Casasín, tipo diseinatzailea eta norberaren konsumorako baliabide programatzailea.

Horrezaz gan, Serifalarisek El infiltrado eta La infiltrada-ren eskutik, ezusteko berbaldi bi emongo ditu, bertaratzen direnak harritzeko. Parte-hartzaileek masterclassetan be izango ditue, baita euren produktibidadea eta gaitasun profesionalak hobetzeko zuzendutako bestelako ekintzetan eta lotura barriak eta esperientziak trukatzeko jardueretan be.

Egitaraua eta hizlarien biografiak hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu