Ondarearen Europako Jardunaldiek 200 jarduera dakarrez Bizkaira
2019-09-17 08:14 KultureaForu Aldundiak 58 udalerritako programazinoa koordinau dau.
Ondarea plazara! lemapean, Europako Ondarearen Jardunaldien 19. edizinoa laster dator Bizkaira, urri osoa hartuko dauen egitarau zabal baten bidez. Hainbat udalerri eta museotako ordezkariek lagunduta, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak programazinoaren barri zehatza emon dau, Bilbon egindako agerraldian. Ainara Martinez eta Amaia Apraiz historialariak be egon dira. 58 udalerritako egitarauak koordinauko ditu Foru Aldundiak, 200 ekintza baino gehiago.
Helburua herritarrei parte hartzeko konbitea egitea da, Lorea Bilbaoren esanetan, eta baita ondare kulturalari dauen balioa emotea be. Arte komunitarioak diralakoak jorratuko ditue gehienbat. Komunidadearen arte horreen barruan era guztietako adierazpenak sartzen dira, ludikoak zein erritualak, bai bat-batekoak eta bai zeremonietakoak, azaldu dau Bilbaok. Ondare materiala zein ikutuezina kontuan hartuko ditue.
Jantzak, herri kirolak, musikea eta jokoak, erromeriak, bertsolaritzea, antzerki eta musika emonaldiak... dagoz egitarau zabalaren barruan, danak belaunaldiz belaunaldiko transmisinoari esker gaur egunera heldutakoak. Jarduera guztiak doban izango dira, baina izena emon beharko da aurretiaz, kasuan kasuko antolatzaileakaz bat eginda.
Edizino honetako programearen atal garrantzitsuetako bat jaietako errituak dira, adibidez Bermeko Madalen Egunean teilea uretara jaurtiten danekoa. Ezin ahaztu, ganera, Elorrioko Errebonbilloak; Orozkoko Gaztaina Eguna; Sopelako Munarrian egiten dan alorren eta soloen bedeinkapena; Zallako Zariketeko San Pedron sorginkeriei aurre egiteko esaten diran araoak; Galdakao eta Gordexolako erromeriak; Muxikako Saragiaren Hiletea; Urduñako erraldoiak eta buruhandiak; eta Zamudioko Arimen Gaua.
Berezia izango da, bestetik, Institutu Txinatar-japoniarragaz batera antolatuko diran jarduerak. Txinako, Japoniako zein Euskal Herriko kulturetan agiri diran txalapartea, sokatirea eta abar izango dira ardatza. Kirol arloan, peloteari eta bola jokoei kasu egingo deutsie Ondarearen Jardunaldietan. Ganera, antxina santutegietara erromesek egiten zituen bideak gogora ekarriko ditue, Urkiolan eta Galdamesen.
Adierazpen kultural guztiak testuingurua ulertzen eta interpretetan daben objektuei lotuta egoten dira: musika-tresnak, soinekoak eta oinetakoak, piezak, atributuak eta apaingarriak, jostailuak… Halakoak be agertuko ditue Ondarearen Jardunaldietan, adibidez, Iparragirreren gitarrea Gernikan, eta Markina-Xemeingo kaleetan erakutsiko diran jantzarako soinekoak.
Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!