Mondragon Unibersidadearen helburua da gure herria eregiten giltzarri izatea

Bizkaie! 2019-09-13 13:33   Kulturea

Mondragon Unibertsidadearen 2019-2020 ikasturtea martxan.



Gure esku dago datorrenari aurre egiteko ahalik eta ondoen prestatzea. Eta zenbat eta ahalegin handiagoa egin gure gazteen trebakuntzea hobetzeko, eta gure enpresen lehiakortasuna bultzatzeko, orduan eta prestatuago egongo gara etorkizunerako
. Mondragon Unibersidadeak aurrean dauen erronka hori nabarmendu dau gaur Vicente Atxa errektoreak, Oñatiko Enpresagintza Fakultadeko campusean egin dan 2019-2020 ikasturtearen hasiera-ekitaldi ofizialean. Atxak bigarren agintaldia izango dau Mondragon Unibersidadeko buru legez.

Errektoreagaz batera, ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, ikasturteari hasierea ofiziala emonez, Mondragon Unibersidadeko idazkari nagusi Idoia Peñacoba, aurreko ikasturteko txosten akademikoa aurkeztuz, eta edegiera berbaldia eskaini dauen Eduardo Castellanos doktorea. Bertan izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Mikel Alvarez Mondragon Unibersidadeko presidentea, politikako eta arlo akademikoko beste agintari batzuekaz batera.


Hiru erronka

Ikasturte honetan unibersidadeak aurrean dituan hiru erronka eta mugarri nagusi azpimarratu ditu errektoreak. Bat datoz Euskal Unibersidade Sistemearen Planagaz eta eragin positiboa izan nahi dabe giza garapen jasangarriaren eredu bihurtuko dan Euskadiren eraikuntzan. Mondragoneko mobimentu kooperatiboaren hasierako helburua izanik hau.

1/ Unibersidade-hezkuntzearen barrikuntzan liderrak izaten jarraitzea.

2/ Bizitza osoko prestakuntza-eredua bultzatzen jarraitzea, gero eta espezializatuagoak izango diran programen bidez, personen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna bermatzeko.

3/ Ikerketa aplikatua lantzea, enpresakaz alkarlanean, euskal enpresa-sareari hobeto lehiatzen laguntzeko.

Mondragon Unibersidadeko errektoreak nabarmendu dauenez, hiru horreek dira gure erronka nagusiak: gazteen ikaskuntzea hobetu, etenbako formazinoa eta goi mailako ezagutzak sortu eta bere transferentzia enpresa modu arin eta eraginkorrean.


Barrikuntzea, lehiatzeko gakoa

Euskadiren etorkizuna gazteen goi mailako formazinoa eta ikerketea, herrialdearen estrategiagaz lerrokatuta egon behar dirala konbentziduta egonik, MUren helburua da gure herriaren eraiketan eragile giltzarria izatea. Errektorearen esanetan, herrialde batek, lehiakorra izango bada, gazte eta profesional trebatuak behar ditu eta horretarako, ikaskuntzea maximizau behar dogu hezkuntza-maila guztietan, eta, zelan ez, unibersidadean. Ezin ditugu gazteak aurreko mendeko modu berean trebatu, hori geure buruari traizinoa egitea litzateke, historiaren eta aurrerapenaren erlojua atzeratu nahi izatea. Beraz, jarraitu daigun geuk be aurrera; barritu daigun goi-mailako prestakuntzea, adierazo dau errektoreak.

Bizitza osoko prestakuntzeari jagokonez, errektoreak uste dau unibersidadeak erantzun egin behar deutsela bai enpresek eta erakundeek topauko daben egoera demografiko eta laboralari, baita egoera horretara egokitzeko profesionalek konpetentzietan eta gaitasunetan behar izango daben moldaketari.

Errektoreak tarte berezia eskaini deutso ikerketari: gure enpresei maila globalean lehiakorragoak izaten lagundu nahi badeutsagu, geu be globalagoak izan behar gara. Gehiago nazinoarteratu behar gara bai formazinoan baita ikerketan be. Handitu eta maximizau egin behar dogu gure ikerketak eta barrikuntzak enpresa-sarean daben inpaktua, azpimarratu dau.


2021-2024 aldirako plan estrategiko barria

Ikasturte honetan zehaztuko da 2021-2024 aldirako Mondragon Unibersidadearen plan estrategikoa eta martxan jarriko da 2019-2022 aldirako Euskal Unibersidade Sistemearen Plan barria.

Gaur egun, Mondragon Unibersidadeak 9 campus ditu Euskadin eta beste 7 laborategi-egoitza Euskaditik kanpo.Azken lau urteetan % 23 handitu da graduko ikasle barrien kopurua, eta ikasturte honetan 1.300 izango dira graduko ikasle barriak, igaz baino % 7 gehiago. Horrezaz gan, % 27 handitu da euren gaitasuna hobetzeko Mondragon Unibersidadea aukeratzen daben profesionalen kopurua.


2018-2019 ikasturteko txostena

Mondragon Unibersidadeko idazkari nagusi Idoia Peñacobak 2018-2019 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu dau. Mondragon Unibersidadeak graduko 15 titulu eta 15 master ofizial emon zituala nabarmendu du. Era berean, gogorarazo dau unibersidadeak Business Data Analytics Gradu barria eskainiko dauela, ikasturte honetan, Bilbon, eta hiru master barri diseinau dituela.

2018-2019 ikasturteko matrikulazinoen azterketearen arabera, guztira 5.125 ikaslek emon eben izena, aurreko ikasturtean baino % 6,7 gehiagok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu