Artiumek indartu egin dau hezkuntzarako bokazinoa 2019-2020 ikasturtearen hasieran

Bizkaie! 2019-09-12 09:50   Kulturea

Museoaren webgunean emon daiteke izena eskolarako programetarako urriaren 18ra arte.

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak (Vitoria-Gasteiz), hezkuntza maila guztietako ikasleentzako programa-eskaintzea indartu dau ikasturte hasi barrian, Ume Hezkuntzatik hasi eta Unibersidaderaino. Artiumen hezkuntza-proiektuak (irakasleen prestakuntzarako jarduerak eta gizarte-programak eta orotariko publikoentzakoak be hartzen dituana) behaketa eta kritika sustatzean oinarritutako metodologia baten alde egiten dau, eta era guztietako loturak finkatzean arteagazko esperientzia abiapuntu harturik. Museoaren webgunean emon daiteke izena eskolarako programetarako urriaren 18ra arte. Artiumen eskolarako programa guztiak dobakoak dira eta euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez zein frantsesez egin daitekez.

Arte garaikideagaz esperientzia batean oinarrituta era guztietako loturak finkatzean oinarritzen da Artium Museoaren hezkuntza programea. Lotura horreek ez ditu Museoa eta bisitariak bakarrik buztartzen, personen eta beren emozinoen arteko, beste personakazko, hurreko inguruagaz eta gizarte garaikidearen aniztasunagaz hartu-emon bideak sortzea da helburua.

Eskolaren esparruak, Museoa eta curriculuma lotzeko aukerea emoten dau hezkuntza maila guztietan, artea lanabes metodologiko lez erabiliz. Beraz, ikasgelako ikasketearen esperientzia eskaintzen dan toki bihurtzen da Museoa. Esangura horretan, ia uriko ikastetxe guztiek, Arabako ia gehienek eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako askok aukerea izan dabe Artiumen hezkuntza-proiektuaren ahalbide pedagogikoak zuzenean ezagutzeko.

2019-2020 ikasturteari begira, Ume Hezkuntzea zein Unibersidadekoa. Unibersidadekoa ez dan hezkuntzeari jagokonez, Museoak hainbat proposamen ditu, esate baterako Artium ibiltari —fase bitan egiten da, bata ikastetxean eta bestea Museoan— eta Altxorra lantegi-bisitea, Artium Bildumea baita jarduerearen elementu nagusia. Horreen aldamenean, eskola-erkidegoaren gogokoenak, nabarmentzekoak dira, orobat, Loturak —zinemearen eta arte plastikoen edukiak integretan dituana— Foruen plazatik Artiumera —urigintzeari eta arkitektureari buruzko begirada kritikoa sustatzen dauena— eta, barrikuntzea legez, Artea, filosofia eta bizitzea, Museoko erakusketen bisitaldia Filosofia ikasgaiaren ikuspuntutik.

Unibersidadeko irakasle eta ikasleek be euren curriculuma zabaltzeko aukerak topauko ditue Museoko programa batzuetan eta besteetan, berbarako, Arte garaikidearen hastapenak izeneko bisitaldian edota Artearen Historiako eta Arte Ederretako ikasleentzako pentsautako Bisita museografikoan. Aldi berean, diziplina askotako ikasleei Museoak praktikaldiak egiteko aukerea eskaintzen deutse Artiumek.

Horrezaz gan, irakasleei bakarrik zuzendutako programak be antolatzen ditu Artiumek. Programa horreen helburua da irakasleei Museoa baliabide pedagogiko lez ulertzen laguntzeko gakoak emotea eta, gainera, curriculuma aberasteko aduen ahalmena erakustea eta eskolako erkidegoari lehen mailako kultur esperientzia bat eskaintzea.


Gizarte-programak eta publiko guztientzako programak

Artiumen hezkuntza-programea ez da eskolearen esparrura mugatzen, Museoaren benetako eta alegiazko publikoei eta bere inguru urbano eta sozialari be zuzentzen jako. Lehenari jagokonez, Museoak zenbait proposamen garatu ditu hasieratik familientzat —Artium txikia, Good Morning Artium eta FamiliArtium—, edadekoentzako —Loturak, Vital Fundazinoagaz alkarlanean egiten dan zinema eta arte programa bat— eta bakarka datozen bisitarientzat —bisita gidatuak, audio-gidak... Orain zenbait hilebetetik hona, gazte eta nerabeentzako programa berezi bat dauka Museoak, Musika hedatua izenekoa, beste diziplina batzuen artean bideoa eta komikiak euskarri lez darabilzana.

Bost zentzumenen lorategia proposamenak mamitzen dau hezkuntza-proiektuaren alderdi sozialena. Proposamen horretan Museoa eta haren hurreko ingurua —Anglo dalakoa eta alde zaharra— buztartu nahi dira gizarte bazterketa jasateko arriskua daben personakaz lan egiten daben taldeakaz, beste era bateko gaitasunak dituen personen programetan eta Arabako etorkinez arduratzen diran erakunde eta alkarteakaz batera lan eginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu