Red Bull Cliff Diving Bilbon eta aurten emakumeek be parte hartuko dabe
2019-09-11 13:30 Pil-pileanIrailaren 14an, Salbe zubitik egingo dabe salto 18:00etatik aurrera.
Irailaren 14an, Red Bull Cliff Diving World Series salto-txapelketa ikusgarriaren final handia antolatuko da Bilboko itsasadarrean. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, hamar emakume eta hamabost gizon Salbeko zubian kokatuko dan plataformara igoko dira itsasadarraren gainean 21 metroko eta 27 metroko altueratik, hurranez hurran, perfekzino akrobatikoagaz orduko 85 kilometroko saltoa egiteko. Kirol-ekitaldia Bilbon antolatzen dan laugarren aldia da.
Ekimenak Bilbon egingo dauen geldialdia aparta izango da, eta Bilbo nazinoartean kokatuko dau kirol-ekitaldi handi honek dituan milaka jarraitzaileen artean. Bihartik aurrera, munduko onenak, emakumeak eta gizonak, batuko dira Salbeko zubian hamaikagarren edizinoko final handia jokatzeko.
Proba Red Bulleko 180 prentsa-kabinetek zabalduko dabe mundu osoan; 160 herrialdetan ikusteko aukerea egongo da, eta tokiko, estaduko eta nazinoarteko 60 komunikabidek baino gehiagok jarraituko dabe.
Tituluak Mostar urian (Bosnia-Herzegovina), abuztuan, egin zan geldialdian erabagi baziran be, salto egingo dabenek presino handia izaten dabe Bilbon ze onenek (emakumeak eta gizonak) baino ezin izango dabe mailea gainditu eta datorren urteko txapelketetan leku bat bermatu.
Txapeldun biek, Gary Hunt britainiarrak eta Rhiannan Iffland australiarrak, gauzak argi ditue, eta zapatuan norgehiagoka irabazteko gogoagaz helduko dira. Lehia Bilboko Guggenheim Museo ikonikoaren aurrean antolatuko da, Ibaizabal itsasadarrean, bazterrak jentez gainezka izango dituana.
Iffland australiarra lau aldiz izan da munduko txapelduna, eta Mostar uriko zubi zaharrean beste marka bat hausi eta gero, denporaldia bikain amaitzeko ahaleginak egingo ditu eta denporaldiko geraleku guztietako irabazlea izan. Hunt britainiarra, ostera, Salbe zubiaren arantzea kentzen ahaleginduko da, orain arteko bisitetan ez dauelako irabazi.
Munduko sailkapeneko (Munduko FINA kopa, Munduko Txapelketa eta Munduko Sailak) zortzi saltolaririkk onenek leku bat gordeta izango dabe datorren denporaldian. Munduko Sailetan talentua barra-barra dago, eta lau gonbidatuk izango dabe 2020. urterako plaza iraunkor bat lortzeko aukerea (hiru emakume eta gizon bat).
Zapatuan Bilbon biziko dogun unerik bikainetako bat Orlando Duqueren lasterketearen amaierea ikusi ahal izatea da. Kolonbiako izarra saltoen munduko mitoetako bat da eta birritan hausi ditu Guinness sailkapeneko markak.
Ordutegiak
Lehenengo entrenamenduak eguenean, irailaren 12an, Salbeko zubian egingo dira 15:30etik 18:00etara. Hilaren 13an, diverrak barriro be zubiko plataformatik, 21 (emakumeak) eta 27 (gizonak) metroko altueratik, itsasadarrean sartuko dira.
Irailaren 14an, munduko serieen final handia antolatuko da. 15:40tan beroketak hasiko ditue eta arratsaldeko 17:00etan azkeneko txandak. 19:20an, sariak banatuko jakez Bilboko 2019ko txapeldunei eta munduko sailetako txapeldunei.
Ekitaldian egon ezin dabenek zuzenean ikus ahal izango dabe www.redbull.tv bitartez irailaren 14an, 18:00etatik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!