Bilboko 2019ko Ibiltari Saria emongo dabe laster
2019-09-11 09:18 KultureaHautagaiak Jon Mugika eta Txema Soriak, Maribel Salas eta Alex Mumbrú eta Javi Salgado dira.
Bilboko Udalak Mobikortasunaren Europako Astea antolatu dau irailaren 16tik 22ra bitartean eta, horren harira, Bilboko Ibiltariaren Sarirako deialdia egin dau zortzigarren urtez. Hona edizino honetako hautagaiak: Txema Soria eta Jon Mujika kazetariak, baterako nominazinoa; Maribel Salas aktorea, eta Alex Mumbrú eta Javi Salgado, Bilbao Basketeko saskibaloi-jokalariak, baterako nominazinoan. Aurreko edizinoetan legez, irabazlea erabagiteko, ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko sensibilizazino-ekimen honetan laguntzen daben tokiko hedabideetan egingo diran herri-botazinoetako botoak eta Bilbao nire Kotxe barik webgunean jasotako botoak batuko dira.
Boto gehien hartzen dituan hautagaitzea irailaren 22an, domekan, sarituko da, Bilbao nire Kotxe barik egunean.
Ibiltariaren Sariak Bilbo atseginagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa izaten laguntzen daben pertsonen lana eta balioak autortzen ditu. Gainera, paseoan ibilteko ohitura osasungarriari eta pertsonen arteko harrtu-emonei balioa emoten deutsee, osasuna sustatu eta uria hobeto ezagutzen laguntzen dauelako.
Txema Soria eta Jon Mujika
Txema Soria eta Jon Mujika kazetariek uriko bizitza sozial eta kulturalaren klabeak egunero erakusteko lana dabe. Euren kronikek ez dabe indarrik galdu urteotan, eta gizarte aktibo baten argazki atsegina egiten jarraitzen dabe, hemengo ideak, ekimenak eta ospakizunak azalduz. Txema eta Jon, Jon eta Txema, ia beti prisaka, gure uriaren bizitzaren erdian egoten dira; ha begitu eta transmitiduten dabe. Eurak be pertsonaia bihurtu dira, eta Bilboko ekitaldi sozial gehienen erdian egoten dira.
Maribel Salas
Maribel Salas, Barakaldon jaiotako aktore eta umoristea, Vaya Semanita programan ezagutu genduan askok. Aurten estreinautako La pequeña Suiza filman barriro eragin deusku barrea. Telebistaren munduan ETBko Entre dos fuegos saioan debutau eban, eta Policías, en el corazón de la calle eta Hospital Central saioetan agertu da. Haren azken lanen artean Ciudad K, Vaya tropa, Que vida más triste eta LEX telesaioak dagoz. Oraintsu Bego interpretau dau Antena 3 kateko Allí abajo saioan. Egun Cómo hemos llegado a esto antzezlana dau karteleran.
Alex Mumbrú eta Javi Salgado
Alex Mumbrú eta Javi Salgado, izan daben ibilbideagaitik, dagoeneko pertsonaia historikoak dira, Bilbao Basketi behin betiko lotutakoak. Taldeko kirola oro har, eta saskibaloia, sendotasunaren, sakrifizio personalaren, joko garbiaren eta lehiakortasun zintzoaren erakusgarri da. Alex bartzelonarra, hainbat taldetan saskibaloi-jokalaria izan da eta bere karrera profesionalaren azken etapan Bilbori lotuta egon dana, 2018. urtetik klubeko entrenatzailea da. Javi Salgado bilbotarrak aurten bertan iragarri dau jokalari legez taldea itxiko dauela, profesional lez 20 urte emon ondoren.
Ibiltariaren sariaren palmaresa
Sariaren lehengo irabazlea, 2012an, Virginia Berasategi triatleta bilbotarra izan zan. 2013an, barriz, audientziak Bilboko Txikiteroak aukeratu zituen; 2014an, Bakuva gizarte laneko alkartea izan zan irabazlea eta 2015ean sariduna Gorabide Alkartea. 2016an, Ibon Areso Bilboko alkate ohiari emon jakon eta 2017an, emakume bilbotarrei, garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak izateagaitik. 2018ko edizinoan, Fortunato Vencedor izan zan irabazlea, laurogeita hamar urteak beteta dituan maratoi-korrikalaria.
Bilboko 2019ko Mobikortasunaren Europako Astean laguntzen daben hedabideak
Alkarlanean dabizen komunikabideetan egingo dan botazinoan emon ahal izango dabe botoa bilbotarrek irailaren 11tik 20ra bitartean, hau da, Deia, El Diario Norte eta El Mundo egunkarien eta La Ría del Ocio aldizkariaren webguneetan eta eitb.com helbidean, eta Telebilbao, Radio Nervión, Bizkaia Irratia, COPE, Onda Vasca, Onda Cero, Radio Bilbao eta Radio Popular irratietako programetan eta sare sozialetan. Bilbao nire kotxe barik ekimenaren web orriaren bidez be emon daiteke botoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!