Irati Goikoetxeak irabazi dau XXII. Igartza Saria

Bizkaie! 2019-09-11 08:23   Kulturea

Edizino honetara 16 lan aurkeztu dira, horreetatik 9 emakumeenak eta 7 gizonenak.

Lehenengo aldiz herritar batek eroan dau Beasaingo Udalak euskal literaturea eta sormena idazle gazteen artean bultzatzeko sortutako saria.

Igazko irabazle Erika Elizarik Zendabalitz lana entregau eta sariaren bigarren zatia jaso dau.

XXII. Igartza literatura sariaren edizinoko irabazlea Irati Goikoetxea Asurabarrena 34 urteko beasaindarra izan da Herriak ez dau barkatuko proiektuagaz. Sariketa honen ibilbidean lehenengo aldia da herritar batek saria jasoten dauena.

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean holan nabarmendu dau Beasaingo Udaleko kultura zinegotziak Xabier Matarranzek. Irati zoriontzeaz gan, bere poza agertu dau Beasainen emoten dan idazle gazteentzako sortutako literatura beka hau beasaindar batek jaso dauelako. Edizino honetako epaimahaia Ana Jaka, Igor Estankona eta Garazi Kamiok osotu dabe.

Aurkezpen ekitaldian, Elkar-en izenean Xabier Mendiguren, CAFenean Joxe Begiristain eta Udalaren aldetik Xabier Matarranz izan dira. Irati Goikoetxeak proiektuarengaitik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu eta urte beteko epea izango dau liburua amaitzeko. Irati Goikoetxea Asurabarrena matematikako irakaslea da eta betidanik loturea izan dau bertsolaritza eta euskal literatureagaz. Beasaingo irakurle taldeko partaide da, baita hainbat kultur ekitaldietako partaide be. Egun, Nafarroako gobernuan lanean dabil bizikidetza arloan eta, hain zuzen be, gai horren inguruan idatzi dau proiektua.


Erika Elizariren Zendabalitz liburua amaituta

Ekitaldi berean, igazko irabazleak, Erika Elizari Salvadorrek, Zendabalitz lana entregau ostean diru sariaren bigarren zatia jaso dau eta datorren urteko zezeilean aurkeztuko da liburua.

Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle barrien sormena bultzatzeko helburuagaz sortu eban Elkar argitaletxearen eta CAFen laguntzinoagaz. XXII. edizinoa izan dan honetan, 16 lan aurkeztu dira, horreetatik 9 emakumeenak eta 7 gizonezkoenak. Aurkeztu diran lanen jatorriari jagokonez, 13 gipuzkoarrak, 1 nafarra, 1 bizkaitarra eta 1 arabarra. Ez da iparraldekorik egon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu