54. Durangoko Azokan erakusmahaiak alokatzeko epea, zabalik
2019-09-10 09:06 KultureaEskaria www.durangokoazoka.eus webgunean egin behar da, irailaren 30era arte.
Abenduaren 5etik 8ra izango da aurtengo edizinoa eta Sormen Bekan proposamenak aurkezteko epea, barriz, irailaren 21ean zarratuko da.
Durangoko Azokako 54. edizinoan erakusmahaiak alokatzeko epea zabalik dago. Kulturearen plazan parte hartu nahi daben argitaletxe, diskoetxe, produkzino etxe, alkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoproduktoreek irailaren 30era dabe horretarako epea.
Aukera ezbardinak: erakusmahai handia, txikia edo auto-produktoreen gunea; produktuak Durangoko Azokan izan nahi dituenak hainbat aukera ditu horretarako. Araudian jasotako erispideen arabera, interesatuak erakusmahai handia, txikia edota hainbat partaidegaz batera konpartidutako auto-ekoizpenen gunea kontratau ahal izango ditu. Eskaerea online egin behar da Durangoko Azokearen webgunean Nire Azoka atalean erregistrauta.
Durangaldeko argitalpenak
Gerediaga Alkarteak eskualdeko sortzaile, alkarte eta erakundeei ezelako kostu barik Durangoko Azokan euren produktuak erakusgai eta salgai jarteko aukerea emoten deutse. Azokako araudi nagusia beteteaz gan, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan behar dau eskatzaileak eta produktu guztiak Durangaldeko argitalpenak legez erakutsiko dira. Izena emoteko Gerediaga Alkartera jo behar da.
Aurtengo Azokeari begira kontuan hartu beharreko beste hainbat kontu:
- Sortzaileek irailaren 16tik urriaren 14ra emon ahal izango dabe izena Azokako gune ezbardinetan, euren lanak Azokan zuzenean aurkezteko.
- Ikasle Goiza abenduaren 5ean izango da, Azokearen edegiera egunean eta goizean zehar, tailer eta ekintza bereziak antolatuko dira. Irailaren 16tik urriaren 14era egongo da zabalik izena emoteko epea ikastetxeentarako zein hezkuntza zentroetarako.
- Aurten, bigarrengoz, Sormen Bekea eskainiko dabe Gerediaga Alkarteak eta Durangoko Udalak, euskerazko sorkuntzea sustatzeko eta sortzaile barrien lanak ezagutzera emoteko asmoz. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 21ean zarratuko da. Aurtengo deialdian musikea izango da oinarri eta 15.000 euroko laguntzinoa jasoko dau proiektuak. Oinarriak eta eskaera-orria azokako webgunean konsulta daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!