'Bilbon Eskolatik antzerkira' eta 'Eskolako Antzerki Lehiaketea' jarri ditue martxan

Bizkaie! 2019-09-10 07:55   Kulturea

Igaz, Bilboko 10 ikastetxek hartu eben parte, 22 lan aurkeztuz.

Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eusten deutso, hezkuntzarako tresna legez, eta ikasturte honetan be aurrera jarraitzen dau Bilbon Eskolatik antzerkira programeagaz, honezkero ohikoa dan Eskola Antzerki Lehiaketeagaz batera. Ekimen biek 25. urteurrena beteko dabe, hasierako helburuari eutsiz: Arte Eszenikoetarako ikus-entzuleak trebatu eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatu. Ekimenotan, sorkuntzea bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagozan eta muntaketak aurrera eroan ahal izateko laguntzino ekonomikoa eta aholkularitza profesionala daben antzerki ikastaroen eta lehiaketearen bitartez, eta bestetik, konpainia profesionalek umeei zuzenduta atondutako lanen emonaldiak sartzen dira.


Bilbon Eskolatik antzerkira

Igaz, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimeneko programazinoari esker, uriko 4.874 ikasle inguruk (33 ikastetxe) hartu-emonak izan zituen Arte Eszenikoakaz, euskal artista eta konpainiakaz; musikeak, jantzek, txotxongiloen antzerkiak edo poesiak euren lekua dabe eta hainbat lengoaia eszeniko erabiliz mueta guztietako gaiak lantzen eta eszenan-jarten erakusten dituen ikuskizunen bitartez. Berdintasun eta askatasun balioak sustatu gura dira umeen artean, aniztasunaren, identidadearen eta integrazinoaren gaietara hurreratzeko.

Ikasturte barri honetarako 14 emonaldi programau ditue, ibilbide eta esperientzia luzeko sei konpainiaren eskutik. Konpainia horreek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko ditue euren lanak. Edizino honetan programautako konpainiak ondokoak dira: Teatro Corsario, Onírica Mecánica, Mons Dansa, Anita Maravillas Teatro & Portal 71, Teatro Paraíso eta Factory Compagnia Transadriática italiarra.

Eskolako antzerki denporaldia zemendiaren 18an inaugurauko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako antzezlan bategaz. Hemen eta han dabilen konpainia Teatro Corsarioren Clásicos Cómicos antzezlana da (gaztelaniaz programautako bakarra). Hainbat bira egin ditu Europako eta Latinoamerikako herrialdetan, baita AEBetan eta Txinan be. Clásicos Cómicos, Urrezko Mendeko lau entremesez osotutako ikuskizun dibertigarria da, erdi zoratuta dagozan emazteen, maitale ausarten eta burlak sufriduten dituen senarren ingurukoak; ikuspuntua, mende luzez gizarte matxistearen esanak bete behar izan dituen emakumeena da. Testuak Francisco de Avellanedarenak, Calderón de la Barcarenak, Luis Quiñonesenak eta Juan de la Hoz y Motarenak dira.

Ekitaldietara joateko aukerea eskaintzeaz gan (aurretik ikastetxeek erreserbea egin ondoren), Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, sensibilizazino tailerrak eta material didaktikoak be jarriko dira irakasleen esku, taldeakaz lan egin ahal izateko ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule barrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.


Eskolako Antzerki Lehiaketea

Kultura Sailak Eskola Antzerki Lehiaketea atonduko dau 2019/2020 ikasturtean. Lehiaketearen helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko legez erabiltea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Holan, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emonaldien lehiaketea dala esan daiteke. Ondorioz, Bilbon Eskolatik Antzerkira programearen osogarri egokiena da, izan be, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera igaroten baitira.

Irabazten daben taldeentzat dirutan emongo diran sariez gan, parte hartzen daben ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dabe, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalidade bakotxeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko ditue eta, horrezaz gan, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Arriaga Antzokian ospatuko dan Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diran personek osotutako epaimahaiak ondoko alderdiak sarituko ditu: lan eszeniko onena, proposamen eszeniko bereziena, alderdi teknikoei emondako konponbide onena, interpretazino onena, partaideen edadearen arabera egindako egokitzapen onena edo modalidade eszenikoak berreskuratzeko lan onena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dabe parte, Ume Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egunotan, programa horreei buruzko informazino guztia jasoko dabe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu