374.470 ikaslek hasi dabe ikasturtea Euskadin, aurreko urtean baino 487 gitxiagok
2019-09-09 12:00 Pil-pileanEskolara hasi dira gaur, hilak 9, Euskadiko unibersidadez kanpoko mailetako 374.470 ikasle.
2019-2020 ikasturtearen hasierea dala-eta, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Saileko sailburuordeak lagun dituala eta Barakaldoko alkate Amaia del Campo be bertan zala, udalerri honetako Gurutzeta Ume eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikora bisitea egin dau gaur, irailak 9.
Ikastetxe honetako Ume Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako zenbait ikasgelatara bisitea egin ondoren, sailburuak ikasturte barriaren inguruko daturik esanguratsuenak eta barritasunik aitagarrienak ezagutarazoko ditu.
Lehen eskola eguna izanik, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala emon deutso gaur goizez 2019-2020 ikasturteari, Barakaldoko Gurutzeta Ume eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxera egin dauen bisiteagaz. Barakaldoko alkatea, Amaia del Campo, eta Hezkuntza Saileko nahiz ikastetxeko bertako arduradunak lagun zituala, aurten 530 ikasle pasautxu izango dituan ume eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko honetako zenbait gela bisitau ditu sailburuak lehenik, eta ikasturte hasierako daturik esanguratsuenak nahiz barritasun nagusiak ezagutarazo, ondoren.
Astelehen honetan eskolara hasi dira Euskadiko unibersidadez kanpoko mailetako 374.470 ikasle. Datu honek, igazkoagaz konparauta jatsiera apala esan nahi dau (% 0,13 gitxiago). Jaiotze taseak be behera egin dauelako, beherakada Ume Hezkuntzan ikusi da (1.795 ikasle gitxiago), aurreko ikasturteetan legez. Baina ikasturte barri honetan beherakadea Lehen Hezkuntzan be igarten da, aurreko urtean baino 1.018 ikasle gitxiagogaz.
Seme-alabak eskolatzeko familiek hautatzen daben sareari jagokonez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekeak Euskal Hezkuntza Sistemearen ezaugarri izaten jarraitzen dau, sare publikoaren aldeko hautua erdiek baino gehiagok egiten daben arren. Familien % 50,8k sare publikoa aukeratzen dabe, eta gainerako % 49,2k itunpeko edo pribatua. Hizkuntza ereduei begira jarrita, barriz, azken urteetako jokereak bere horretan dirau: D eredua da ikasleen gehiengoak hautatzen dauena, eta Haur Hezkuntzan hazten jarraitzen dau: 3tik 5 urtera bitartean, eredu hau 0,7 puntu hazi da, eta lehen aldiz % 80ko portzentajea gainditu dau (% 80,4). B eredua % 16,1ek hautatzen dabe, eta A eredua, barriz familien % 3,5ek, aitatutako edade tartean.
Lanbide Heziketea
Cristina Uriarte sailburuak Lanbide Heziketako lehen matrikula datuak be aurreratu ditu. Goranzko jokereak jarraitzen dau Lanbide Heziketan. Dagoeneko matrikulea egin daben 39.771 ikasleak igaz garai berean baino 858 gehiago dira. Dana dala, aintzat hartu ezkero datu horretan ez dirala zenbatzen Urrutiko Lanbide Heziketea edo eskaintza partziala hautatu daben ikasleak, eta gainera Lanbide Heziketan matrikula epea urrian zarratzen dala, Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da ikasturte honetan matrikula kopuruak 42.000 lagunetik gorako kopurua gainditu leikela.
Lanbide Heziketan, euskeraz egiten diran ikasketan be igoera esanguratsua ikus daiteke. Azken urteetan D ereduak hazkunde apala izan dau, baina igoerarik aitagarriena B ereduan izan da: 2015-2016 ikasturtean 811 ikasle ziran eredu horretan, eta ikasturte barrian, ostera, 7.830 matrikulau dira B ereduan. Eredu bien arteko baturEa (B+D) egin ezkero, orain bost urte ikasleen % 25 ziran euskeraz ikasten ebenak Lanbide Heziketan; ikasturte honetan, barriz, batura hori Lanbide Heziketako ikasleen % 42ra helduko da.
Hezkuntza-azpiegitura barriak
Hastera doan ikasturte honetan be hezkuntza-azpiegitura barriak abian jarriko dira, berehala edo ikasturtean zehar. Ikasturtea hasteaz bat ateak edegiko ditue Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren eraikin barriak, eta Arroako (Zestoa) eskola txikiarenak. Datozen hilebeteetan, beste lau eraikin barri brabian jarriko dira: Iruarteta HLHI, Bilbon; Errekabarri HLHI, Gasteizen; eta Oikia (Zumaian) zein Alkizako eskola txikien eraikin barriak.
Enplegurako Eskaintza Publikoari jagokonez, ikasturte honetan egingo da lan eskaintza bat, Bigarren Hezkuntzako irakasleei zuzendua; holan, Hezkuntza Sailak legealdi honetan urtero Lan Eskaintza Publiko bat deitzeko hartutako konpromisoa beteko da.
2019-2020 ikasturteari hasierea emoteko ekitaldian, Cristina Uriartek berbagai izan dau Hezkuntza Saila lantzen dagoan Hezkuntza Lege barriaren proiektua be. Datozen hileotan aurkeztuko da proiektu hori Gobernu Kontseiluan. Lege proiektu honek erreferentziatzat hartu ditu, batetik, Akordioaren Oinarriak dokumentua, Legebiltzarrean eztabaidatu eta onartua, eta Euskadin datozen urteetarako gura dan hezkuntzearen inguruko oinarri bat jasoten dauena; eta bestetik, Hezkuntza Sailak oraintsu gure hezkuntza sistemearen inguruan egin dauen diagnostiko sakona.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!