Txinatar guztiak izar

Zigor Aldama 2019-09-09 10:56   Bidaide

Zinema izar handia, eliteko kirolaria edo influencer ezagunena... Nork ez dau amestu holakorik...

Zinema izar handia, eliteko kirolaria edo influencer ezagunena... Nork ez dau amestu holakorik... Egun posible da hori Txinan. Zao aplikazinoa behera kargu eta ez da besterik behar. Pausu errazak jarraitu eta erabiltzailea edozein aktore, musikariren papelean sartuko da sare sozialetan zabaltzeko, izan be, .gif artxiboa sortuta emotikono legez be bialdu daiteke.

Deep fake be esaten jako, inoren nortasuna hartzen dau erabiltzaileak, inteligentzia artifiala erabilita, erabiltzailearen arpegia beste batenagaz ordezkatzea baino ez dakar dobanekoa dan aplikazino barriak. Txinan eta Asia osoan biral egin da aplikazinoa eta App Annie, Txinan aurten Apple etxearen App Storeko aplikazino deskargatuena da. Weibo eta WeChat sareetan argi ikusten da ezezagunen arpegiakaz hornidutako film eta telesail ospetsuenetako sasiaktoreez betetako klipakaz. Oraintsu agertutako modu birtualean zahartzeko FaceAppa dakar gogora.

Zao sano erraz erabilten da eta hor dago aplikazinoaren erantzun bikainaren arrazoia. Kontu bat sortu ostean, erabiltzaileak zerrendako personaia erabagi eta oso azkar hor agertuko gara Chow Yun-fat edo Kristen Stewart bihurtuta. Erretratuaren egokitasuna gogoan hartuta, sistemeak 0tik 10era arteko puntuazino sistemea darabil eta copyright eta bestelako eskubideez salbuetsita eta txinatar arautegia errespetaten dauela adierazoten dauen mezua sinatu behar da. Hori egin ezean, erretratua 10 aldiz baino ezin izango da erabili eta aurrebistak baino ez dira izango. Onartutako erretraturik ez badaukagu, bideoa ezin izango dogu gorde, ezta bialdu be; horrezaz gan, screencastik (pantailea grabau) be ezin izango dogu egin ze baltz-baltz agertuko jaku pantailea. Baimena lortu eta amestutako erretratua erakutsi ahal izateko erabiltzaileak smarphone tramankuluaren pantailearen aurrean arpegia eskaneau beharko dau, aurrez aurre eta alboz, ezkerraldea ta eskumaldea erakutsiz.

Azken puntu horretan dago polemika handiena, izan be, erabiltzaile askoren galderea da ia aplikazinoaren garatzaileak zer egiten dauen datu gutiakaz, kontuan hartuta erabiltzaileak baiezkoa emon behar deutsela aukera guztiei; Zaoren oharra da ondokoa: produktua eta zerbitzua hobetzeko behar doguz datuak, bilaketak, kokapena, erosketa zein eskuko telefonoari buruzkoak.

Era berean, erabiltzailearen irudiak gordeko dirala jakinarazoten da oharrotan baina informazino hori guztia ez jakola edonori zabalduko erabiltzailearen baimenik barik edo lege arrazoiakatik, hau da, agintariek eskatzen ez badabe. Eta gauza jakina da hori munduko bigarren potentzian eskuko telefonoetarako eskainitako zerbitzuetan. Horregaitik Yu Lin lakoek ez deutse bape garrantziarik emoten horri: Txinan ez dago ezer pribatua danik, Gobernuak nire datu guztiak erabil leikez gura dauenean. Zao oso dibertigarria da.

Hu Yuanek be probau dau aplikazinoa eta ondo pasau dauela autortu dau: Ez dau adikzinorik eragiten eta sano dibertigarria da. Nire sare sozialak aitatu bideoakaz bete dira eta nik neuk be neureak sartuko dodaz. Edozelan be, moda hutsa da eta laster desgertuko da. Laster borrauko dot aplikazinioa eta ez dakit datuak enpreseak erabilko dituan ala ez, adierazo dau. Txinatarrak edozein persona bihurtzeko gaitasuna dabe aplikazino horregaz eta doban egiten dabela pentsau arren, errealidadea ez da hori. Prezioa datuak dira.

Halan da be, Zao aplikazinoak eztabaidea eragin dau eta deep fake bideoak sortzeko algoritmoak hobetzen joan ahala, gogortu egingo dala espero dabe adituek. Oso errealak dira eta benetakotzat hartu daitekez; beste pausu bat da barri faltsuen aurrerakuntzan. Adibide bitxiak dagoz, berbarako, Donald Trump mandarinez berbetan agertzen dana zein beste agintari batzuenak euren ahoetatik urten ez daben astokeria galantak esaten. Argi dago bihar-etzi 'ikusiak ikusi' esaerea be ezingo dala erabili.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu