Itziar Ituñori emongo deutsie VI. Ramon Labaien Saria
2019-09-06 10:35 KultureaEuskal aktore eta zinemagileen lana autortzeko saria da.
Ramon Labaien politikari eta kulturgile zanaren omenez sortu eban sari hau Donostiako Gros auzoko Ulialde alkarteak. Bertako kide zan Labaien, baita Donostiako alkate eta euskerearen aldeko ekimen estrategiko batzuen bultzatzaile be. Donostiako Zinemaldia bizibarritzeko ahalegin handia egin ebanez, Labaienen izena daroan saria euskal zinemagintzako eragileen lana autortzeko erabiltea pentsau eben Ulialdekoak.
Aurten, ekimenaren seigarren edizinoan, Itziar Ituño aktore bizkaitarrari emongo deutsie Ramon Labaien Saria. Euskerazko film, telesail eta antzezlan ugaritan parte hartu dau Ituñok bere ibilbide luzean: Goenkale, Dragoi ehiztaria, Loreak, Lasa eta Zabala...
Gaztelaniaz be lan egiten dau, eta azken urteotan ikaragarrizko ospea batu dau nazinoartean, La casa de papel telesaileko protagonist nagusietako bat dalako. Mundu guztiko miloeka lagunek ikusten dabe telesaila, eta Ituñori zaleak agertu jakoz kontinente guztietan.
Ramon Labaien Saria Donostiako Zinemaldiagaz bat eginaz emoteko ohiturea daukie. Aurten, irailaren 27an, ekitaldia antolatu dabe Ulialde alkartearen egoitzan. Aurreko edizinoetako saridunak honeek izan ziran: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde, eta Jon Plazaola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!