'Jenny Holzer. Zera deskribaezina' erakusketeak 600.000 bisitari erakarri ditu
2019-09-06 09:19 KultureaAstelehenera arte egongo da zabalik, Bilboko Guggenheim Museoan.
Urteko erakusketa handienetako bat izan da Jenny Holzer amerikarrarena Bilboko museoetan, eta publikoak gogotsu erantzun dauela dirudi, Guggenheim Museoak emondako datuaren arabera. Izan be, irailaren 22an erakusketea zabaldu zanetik, 600.000 bisitari baino gehiagok ikusi dabe. Astelehenean zarratuko dabe Jenny Holzer. Zera deskribaezina, hortaz, azken egunak dira oraindino ikusi ez dabenentzat.
Jenny Holzerren obra batzuk Guggenheimen bilduma iraunkorreko parte dira museoa zabaldu zanetik. Esate baterako, atarian dagozan goitik beherako letra elektroniko ezagunak Holzerrenak dira. Martian zabaldutako erakusketan, baina, artista amerikarraren ibilbidearen errepaso zabalagoa egitea izan da asmoa, New Yorkeko kaleetan mezuak ipinten hasi zanetik, geroagoko LED argidun instalazino handietara.
Era askotako formatuak erabilten ditu Holzerrek bere lanean, bideo, LED argi eta proiekzinoetatik hasi eta harri zein horma-irudietara. Euskarria aldatzen da, baina ez komunikazinorako bidea: Berbak, esaldiak, olerkiak... berba bidezko mezuak dagoz obra guztietan. Gehienbat ingelesez sortzen dau Holzerrek, baina Guggenheimen euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta alemanieraz be irakurri leitekez hainbat.
Artelanetako mezuetan, ardura sozialak eta sasoi bakotxeko gai nagusien inguruko testuak sartzen ditu Holzerrek. Gai ugari landu ditu urteotan: Emakumeen kontrako indarkeria, igeslarien krisia, poterearen gehiegikeriak...
Erakusketea zarratu eta berehala, Thomas Struth erakusketea ipinten hasiko dira Guggenheimeko teknikariak. Hori izango da Jenny Holzerren lekukoa hartuko dauen erakusketea museoko bigarren solairuko aretoetan.
Beste alde batetik, Gerhard Richterren Itsas paisaiak erakusketea be astelehenean zarratuko dabela azaldu dau Guggenheim Museoak. Argazkien itxurako paisaiak marrazten ditu artista horrek, koadro batzuetan ia ezinezkoa da bereiztea pinturea ala argazkia dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!