Errenteriako Atlantikaldian 90 jarduera izango dira
2019-09-05 13:29 KultureaHilaren 19tik 22ra egingo dabe, Marea biziak lemapean.
Kulturearen gero eta alderdi gehiagotara heltzen da Atlantikaldia jaialdia urterik urtera. Aurten, 6. edizinoan, musikea eta beste adierazpide ugari buztartu nahi izan ditue antolatzaileek. Musikea ardatz nagusia dan arren, egitarauko 90 ekintzetan garbi geratzen da askotarikotasun hori.
Aitagarria da Atlantik 1050 ikuskizunaren kasua. Etxepare Euskal Institutuaren bitartekaritzeari esker, Errenteriako Ereintza taldeak eta Eskoziako Dance Base zentroak alkarlanean sortu dabe. Edinburgon estreinau eta gero, Atlantikaldiaren azken egunean erakutsiko dabe, hilaren 22an.
Musikea eta beste formatu batzuk buztartzen dituen proiektu gehiago be badakarz aurtengo Atlantikaldiak. Mugaritz jatetxeko sukaldarien eta Kosta Kostov DJ bulgariarraren arteko alkarlanak gastronomia eta musikea batuko ditu. Bestetik, Errenteriako Musika Bandeak, Onintza Enbeitak eta Andra Mari Abesbatzeak sortutako Itsasoaren enbatak be Atlantikaldian erakutsiko dabe. Azken baten, sortzaileen arteko alkarrizketea bultzatzea da jaialdiaren helburuetako bat.
Alkarlana eta estiloen arteko nahasteak bai, baina ohiko kontzertuak be izango ditu Atlantikaldiak, aurreko urteetan legez. Agertoki nagusian Oreka TX entzun ahal izango da, baita kanpotik etorritako hainbat talde be: Nathy Peluso argentinarra, Benin International Musical (Tio Teronen Semeak euskaldunak lagun dituela), The Skalites jamaikarrak...
Beste agertokietan be eskaintza zabala egongo da. Nogen, Maren, Sara Zozaya, Makala eta abar aitatu leitekez bertoko artisten artean. Atzerritik etorriko dira Mambe & Danochilango, Flavio Banterla, Nosa Marshall... Marea biziak lemapean irailaren 19an hasiko dan edizino honetako informazino gehiago eta egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!