Gasteizko Santa Maria irabazle Ondare Arkitektonikoaren Europa Sarian
2019-09-05 08:40 KultureaEraikina zaharbarritzeak uriari ekarri deutsazan onurak azpimarratu ditu epaimahaiak.
Suitzako Berna uriburuan egindako ekitaldian, Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazinoari emon deutsie Open For Works 2019ko Ondare Arkitektonikoaren Europa Saria. EAA, Europako Arkeologoen Alkartea da antolatzailea, eta erakundearen 25. urteurrenean Gasteizen egindako berreskuratze lana gogoan izan dau.
Sariaren zuzendari Franco Nicolisek honako hau adierazo dau Bernako ekitaldian: Saritutako lanek argi eta garbi erakutsi dabe ondarea kudeatzeko politikek turismoan eta eskualdea barritzeko proiektuetan eragin handia izan leikiela. Horrezaz gan, ondareak personen bizi baldintzak hobetu eta kohesino soziala eta lankidetzea sustatzeko balio dabe.
Orain dala mende lauren, Gasteizko katedral zaharra egoera eskasean egoan, eta uri modernotik baztertua. Orduan hasi eben zaharbarritzeko proiektu luze baina emonkor bat, 1999an, Santa Maria Katedrala Fundazinoa erakunde sortu barriaren bidez. Eraikina barritzeaz gan, azterlan arkeologiko, historiko eta arkitektoniko sakona egin dabe urteotan, Gasteizko antxinako bizimoduaren eta ekonomiaren inguruko informazino baliotsua emon dabena.
Ganera, katedrala barritzen ibili diran bitartean, gizarteari zabaldu deutsie prozesua, obretan eta edegita kontzeptu barritzailearen bidez. Hortaz, herritarren erreferente bihurtu da eraikina, eta arrakasta handiko erakargarritasun turistikoa emon deutso uriari.
Bernako batzarrean Gasteizen ordezkari ugari egon dira: Agustin Azkarate, Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko zuzendaria eta Unesco katedraduna; Leandro Cámara, Santa María Katedrala Fundazinoaren zuzendaria; Ramiro Gonzále, Arabako ahaldun nagusia; Joxean Muñoz, Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; eta Mikel Xabier Aizpuru, Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria.
Ondare Arkitektonikoaren Saria 1999an sortu eban EAAk, eta urtero emoten dau, epaimahai independente baten bidez. Ondare arkitektonikoaren inguruko ezagutzea sortu, zabaldu eta babesteagaitik eta Europako ondarea hobetzeko egindako lanagaitik saritzen ditue norbanako zein alkarteak.
Aurtengo edizinoan, modalidade bitan egon dira irabazleak. Norbanakoen arloan, Osman Kovala turkiarra saritu dabe. Bere herrialdean arriskuan dagoan ondarea babesteaz arduratzen da. Gaur egun kartzelan dago, epaiaren zain. Erakundeen arloko modalidadean, esan dogun moduan, Gasteizko Santa Maria Katedrala da aurtengo irabazlea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!