Ertibil 2019 Elorrion
2019-09-05 08:09 KultureaElorrioko Udalak l4. aldiz hurreratuko deutsee herritarrei Bizkaiko gazteen proposamen artistikoen erakusketa hau.
Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako erakusketa ibiltariaren 37. edizino honetan 83 artistek 113 lan aurkeztu ditue, horreen artetik, 18 artisten 18 obra aukeratu dira erakusketea osotzeko.
2019ko Ertibil Bizkaian saritutako artistak honako honeek izan dira: Juan Pablo Ordúñez -MawatreS, Borja Gómez Diez eta Izaro Ieregi. Horiez gain, Raisa Álava, Ana Arsuaga, María Benito Píriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Iván Gómez, Gómez Selva, Estibaliz Gutiérrez, Eztizen de la Cruz, Saray Pérez Castilla, Ander Sagastiberri Fernández, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauzek be euren obrak erakutsiko ditue.
Gainera, bigarren urtez jarraian, Ertibilek Japonian hile bikoa egoitza artistikoa egiteko aukerea eskainiko deutsee hiru irabazleei, horren bidez, lehiaketea nazinoartean zabaltzeko, kulturen arteko komunikazinoaren eta hartu-emonen esperientziagaz batera.
Epaimahaia honako profesional honeek osotu dabe: Eztizen Esesumaga Salsidua, Rekalde Aretoko; Arantza Lauzirika Morea, EHUko Arte Eder Fakultadekoa; Maria Muriedas Diaz, 2018ko Ertibileko artista irabazlea eta Mikel Onandia Garate EHUko Artearen Historiako irakaslea eta ekitaldirako editautako liburuko testuen autorea.
1983ko lehenengo edizinotik hona, Ertibilek beren sorkuntza-lana Bizkaian egiten daben artista hasibarriak laguntzea eta bultzatzea dau helburua.
Ertibil Elorrion
Ertibil Elorriora heldu da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elorrioko Udalaren lankidetzearen ondorioz. Bilboko Rekalde Aretoan inaugurau eben eta udan Ean eta Balmasedan erakutsi da erakusketea. Iraila Elorrioko Iturri Kultur Etxean emon ondoren, Arrigorriagara joango da urrian, Eibarrera zemendian eta Getxon amaituko dau urtea.
Elorrioko Udalak laugarren aldiz hurreratuko deutsee herritarrei Bizkaiko gazteen proposamen artistikoen erakusketa hau. Maila honetako erakusketa bat antolatzeko behar diran baldintza guztiak beteten ditu Iturri Kultur Etxeak eta aste honetan goizez baino zabaltzen ez dan arren, astelehenetik aurrera goizeko 9:30etik gaueko 21:00ak arte ordutegi jarraian egongo da zabalik astelehenetik barikura.
Durangaldeko artista bat Ertibilen
María Benito Píriz-ek (Durango, 1992) uriko azken moden arlo eta estiloetan jarten dau arretea, besteak beste, erabilera, personalidade eta sinadura jakin batzuen arrakastan oinarritzen da: Balenciaga, txandala pasarelan, Rosalía, erropa islatzailea, gelezko atzazalak edo Buffalo oinetakoak. Holan azaltzen dau Mikel Onandiak erakusketarako argitaratutako katalogoan.
2014an graduau zan EHUn arte ikasketetan. 2016an masterra egiten sortutako lana erakutsi eben Rekalde Aretoan. Disziplina desbardinak erabilten ditu batuta: eskulturea, bideoa, audioa eta idazketea. Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza bekea jaso eban 2018an eta BilboArte bekea 2017an.
Hainbat erakusketatan hartu dau parte, berbarako, Guggenheim Museum Bilbao, Centro Cultural de Noain, Ertibil, Okela AMP, BilbaoArte eta Errioxako Muestra de Arte Joven-en.
Bisita gidatuak
Bisita gidatu bi antolatu dira irailaren 25rako. Natalia Suárez-ek (erakusketan lan bat dauen artistetako batek) euskerazko bisitea gidatuko dau 18:30ean eta gaztelaniazkoa 19:30ean. Ez da beharrezkoa izena emotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!