Euskal Errugbi Ligako txapelduna Ordizian erabagiko da

Bizkaie! 2019-09-04 13:05   Kirola

Baiona, Miarritze, Angelu eta Ordiziako taldeak dira hautagaiak.

Ordizia eta Miarritzeren arteko partidua, txapelketako ligaxkan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herri guztiko, Iparraldeko zein Hegoaldeko, gizonezkoen errugbi-taldeak batu dituan txapelketea antolatu dabe lehenengoz, Euro Basque Rugby Challenge, erakunde eta federazino ugariren arteko alkarlanari esker. Abuztuaren 17an hasita, zazpi taldek hartu dabe parte, ligaxka formatuan: Baionako Aviron, Biarritz Olympique, Angelu, Bera Bera, Hernani, Ordizia eta Getxok hain zuzen.

Kontuak kontu, alkarren kontrako partidu ugariren ostean, lehenengo edizinoko irabazlea nor izango dan jakiteko momentua heldu da. Zapatuan, irailak 7, final handia jokatuko da Ordiziako Altamira zelaian, eta bertan izango dira orain arteko lau talderik onenak: Miarritze, Baiona, Angelu eta Ordizia.

Berez, partidu bi jokatuko dira. Miarritze eta Baionaren arteko derbia 12:00etan izango da, eta Ordizia-Angelu, 16:00etan. Talde bakotxak lortutako puntuen arabera, eta txapelketako aurreko partiduetako emoitzak be kontuan hartuz, erabagiko da irabazlea zein dan.

Hasierako asmoa Ordizian final bakarra jokatzea zan, ligaxketako bi onenen artean. Baina Miarritzeko G7-koen batzarra dala eta, antolatzaileek hiru partidu bertan behera itxi behar izan zituen. Hartara, urtenbiderik egokiena finalaren egunean partidu bi jokatzea dala erabagi dabe. Antolatzaileak pozik dagoz Ordiziako final bikotxagaz, Iñaki Laskurain Euskal Federazinoko ordezkariaren arabera: Uste dogu torneoaren lehen edizino hau modurik onenean itxiko dala, maila handiko partidu bigaz, tartean Biarritz Olympique eta Aviron taldeen arteko derbia.

Miarritze eta Baiona euren ligak jokatzen hasi dira dagoeneko, Frantziako 1. eta 2. mailetan hurranez hurran. Horregaitik, espoir edo 23 urtez azpiko mailako joalari ugari eroango ditue Ordiziara. Halandabe, klub biek agindu dabe profesional batzuk be zelairatuko dituela.

Txapelketa honen edizino gehiago antolatzeko asmoa dabe bultzatzaileek, Ipar eta Hego Euskal Herriko kluben eta zaleen arteko hartu-emonak sendotu, eta alde bateko eta besteko errugbiarentzako onuragarria izango dan alkarlana bultzatzeko. Ganera, gizonezkoen bigarren mailako eta emakumezkoen torneo bana be antolatu nahi ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu