Euskal Herriko errugbi talderik onenak batuko ditu ERBC txapelketeak

Bizkaie! 2019-07-29 13:45   Kirola

Erakunde publikoek bat egin dabe mugaz gaindiko proiektu honetan.

Donostian egindako aurkezpena (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euro Basque Rugby Challenge (EBRC) izenburupean, Euskal Herriko talderik indartsuenak alkarren kontra lehiatuko dira, ligaxka formatuan, abuztuan eta irailean. Berez, hiru txapelketa izango dira: Lehen Mailako gizonezkoena, Lehen Mailako emakumezkoena eta Bigarren Mailako gizonezkoena. Gaur, baina, gizonezkoen maila gorenaren barri emon dabe, Donostian egindako agerraldian.

Han izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkariak, erakunde publiko bion babespean jaio dalako EBRC txapelketea (Nafarroako eta Akitania Barriko gobernuen bultzadea be badauka). Bingen Zupiria sailburua izan da Jaurlaritzearen izenean, eta Arola Urdangarin euroeskualdearenean. Ganera, gizonen Lehen Mailan parte hartuko daben zazpi taldeetako ordezkariak egon dira aurkezpenean, baita federazinoetakoak be.

Baionako Aviron, Biarritz Olympique, Angelu, Bera Bera, Hernani, Ordizia eta Getxo dira lehen edizinorako aukeratutako zazpi klubak. Hau da, hiru lapurtar, beste horrenbeste gipuzkoar eta bizkaitar bat.

Bingen Zupiria sailburuak naturaltzat jo dau mugearen alde bietako taldeek alkarren kontra jokatzea, Bidasoaren alde bietan dagoalako errubgi zaletasuna. Kirolaren ikuspegitik ez dau zentzunik Hegoaldeko taldeek Iparraldeari lepoa emotea, adierazo dau sailburuak. Kirolaren eremutik harago, proiektu honek hartu-emonak estutzeko aukerea emongo deusku, kulturea eta hizkuntzea konpartiduten doguzan lurraldean, eta ganera, errugbiaren balioen inguruan egingo dogu alkarlan hori.

Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazinoko presidenteak azpimarratu dau nabarmena dala ekimen honek kirolaren ikuspegitik dauen interesa: Europako proiektu bat da, Euroeskualdearen esparruan garatua, eta euskal errugbia dau ardatz. Hegoaldeko errugbiak erreferentzia argi bat dau Iparraldean, badau nondik ikasi, eta hazteko eta hobetzeko balio dau proiektuak. Iparraldeko errugbiak, bere aldetik, Hegoaldean bide naturala dauka zaleen aldetik hazteko eta harrobia elikatzeko

EBRC txapelketako lehenengo edizinoa ligaxka formatuan jokatuko dabe, zazpi taldeak moltso bitan banatuta. Abuztuaren 17an izango da lehenengo partidua, Getxo eta Avironen artean. Moltso bakotxeko onenen arteko finala Ordizian izango da, irailaren 7an. Emakumeen txapelketea eta gizonen Bigarren Mailea hurrengo asteetan aurkeztuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu