Euskal konpainia ugari Tarregan
2019-09-03 13:36 KultureaIrailaren 5etik 8ra egingo dabe kaleko arte eszenikoen azoka entzutetsua.
Kataluniako Fira Tarrega azokearen 39. edizinoa beteko da aurten, eta aurreko urteetan legez, euskal konpainiek eta artistek ordezkaritza zabala izango dabe nazinoarteko arte eszenikoen topagune handi horretan. Irailaren 5etik 8ra izango da azokea.
Bilboko Hortzmuga konpainiak bere produkzinorik barriena eroango dau Tarregara, Bidaia. Harresi eta mugen inguruko gogoetea dan lan horretan, gizartearen berekoikeria eta indibidualismoa aztertzen ditu. Irailaren 6, 7 eta 8an eskainiko dau Hortzmugak ikuskizuna, Parc Ondaran.
Bestalde, LaRutan jantza-konpainiak Out of the Blue izeneko ikuskizuna eskainiko dau Firan: kaleko jantzea da oinarria, askatasun, deskonexino eta egunerokotasunetik urrundu beharrak bultzatua. Kasu honetan, Plaça Nacions-en izango dira emonaldiak, irailaren 6, 7 eta 8an. Hortzmugaren eta LaRutaren ikuskizunak Euskal Teatroa izeneko katalogoaren parte dira, eta azokan euren inguruko informazinoa eskuragarri egongo da, Basque Performing Arts izeneko gunean.
Fira Tarregan egongo diran beste artista bi Itsaso Iribarren eta Germán de la Riva nafarrak dira. Alkarregaz Paseo urbano izeneko jantza-ikuskizun eta performance-a atondu dabe, eta Tarregako kaleetan ikusi ahal izango da, saio ibiltaria dalako.
Beste alde batetik, Fira Tarrega Pro izeneko gunean, pitching saioetan, lau euskal konpainiaren lanak profesionalei erakutsiko deutsiez. Zanguango Teatrok Al Otro Lado lana aurkeztuko dau; Dikothomiak Ego; Trapu Zaharrak Turisteando; eta Ortzik, Urbasa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!