'Lau' diskoa plazaratu dau Alos Quartet laukoteak
2019-09-03 08:02 Musikea35. Getxo Folk Jaialdian, irailaren 5ean, erakutsiko ditu kantu barriak Alos Quartet laukoteak.
Alos Quartetek (Xabier Zeberio, Lorena Núñez, Francisco Herrero eta Iván Carmona) gaur aurkeztu dau Lau disko barria. Danetara, 16 pieza batu ditue, batzuk doinu ezagunen berrinterpretazinoak, gehienak barriak, Xabier Zeberiok konposatuak eta moldatuak. Soinu borobila eta taldearen ezaugarrietako bat dan ohiko kolorea eta dinamismo orekatua.
Alosen ibilbidean aurrerapausu berria da, orain arte erakutsitako kalidadea sendotzen dauena, laukotearen sorreratik 20 urte bete diranean.
Lau grabetako taldeak Iñigo Egia izan dau lagun perkusinoetan, Iván Alzate baxuan eta Aitor Etxebarria (El_Txef_A) programazinoetan. Horreez gan, Oreka Tx-ren txalapartea, Izaroren ahots berezia, Juan Carlos Cambas argentinarraren pianoa, Enrique Solinísen antxinako tresnen maisutasuna eta Pablo Martín Camineroren kontrabaxua be batu jakoz taldeari. Oi Pello, Pello abesti herrikoiaren berrinterpretazinoan, ganera, Mikel Laboaren lekeitio bat be entzun daiteke.
Ohikoa dan legez, taldeak Jean Phocas soinu teknikariagaz lan egin dau eta Mikel F. Krutzagak masterizau dau lana.
Alos Quartet
1999an, Niko Etxarten dei batek lau musikari batu zituan grabazino baterako. Zuberoan, oparotasun handiko ibilbideari hasierea emon eutson Alos Quartetek eta 20 urteotan
laukotea proiektu eta mundu ezbardin askotan sartu da. Musikearen ikuspegi zabala konpartiduten dabe kideek, etiketa eta mugarik barik, eta horri esker sortu dabe soinu uniberso propio bat, berezia eta katalogetako gatxa.
Errepertorioa
Alos osotzen daben lau kideek formazino klasikoa dabe, konserbatoriokoa, eta muetahonetako musikea gustetan jake, baina ez ditue baztertzen bestelakoak be. Xabier Zeberioren sormenaren bultzadaz, eta lan eta ikerketa urteen ostean, Alos Quartetek lortu dau berezko sonoridade bat.
Eroso dabil taldea oholtza gainean, ikusleakaz kontaktuan izateak elikatzen ditu eta denporearen porasuz badabe gaur fideltasuna erakusten deutsen publikoa. Sekretua? Harizko musika tresnek eskaintzen daben espresibidadea eta ñabardura aukera zabala.
Kolaborazinoak
Kolaboratzaile asko izan dira diskoaren grabazinoan, besteak beste, Oreka TX, Izaro, Iñigo Egia, Juan Carlos Cambas pianista argentinarra, Aitor Etxabarria, Ivan Alzate eta Enrike Solinis.
Alosen izena laster heldu zan ospe handiko interpreteakana eta laster etorri ziran Niko Etxartegaz egindako kolaborazinoaren ondotik, beste hainbat, Carlos Núñezegaz eta Kepa Junkeragaz, besteak beste.
2019an, Juan Carlos Cambas pianojolearen disko barrian kolaborazino bat egin dabe, Silvio Rodríguezegaz La vida abestiaren bersino bat grabauta. Jantzearen alorrean, Aukeran Jantza konpainiagaz eta Kukaigaz alkarlanean ibili dira, baita Amaia Elizaranegaz eta Markeliñegaz, antzerkiaren alorrean azken kasu horretan.Azpimarratzekoen artean dagoz portugalgo Dulce Pontes abeslariagaz egindako bireak (bost urtetan espainiar eta portugaldar estaduko eszenatoki esanguratsuenetara eroango dituana), baita hamaika musikarigaz egindako grabaketetan: Los piratas, Oskorri, Bide Ertzean, Tejedor, Esne Beltza, El Hombre Burbuja, Ken Zazpi, zein, bakarkako interpreteakaz egindakoak: Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Angel Unzu, Mikel Markez, Antton Valverde eta Joserra Senperena.
Emonaldiak
Aurten, 35. Getxo Folk Jaialdiko lehenengo egunean, irailaren 5ean, erakutsiko ditu kantu barriak Alos Quartet laukoteak. Hitzordua arratsaldeko 18:00retan izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!