Proposamen artistikoz betetako gaua Arropaineko Arraguan
2019-08-23 11:06 KultureaTerraza 01-ren lehenengo edizinoa hilaren 24an egingo dabe.
Lekeitio eta Ispaster bitarteko Arropaineko Arragua guneak ekimen kultural barria sortu dau, Terraza 01, herrialde ugaritako sortzaile gazteen proposamen laburrak batuko dituan erakustaldia. Abuztuaren 24an izango da lehenengo edizinoa, 19:00etan hasi eta gauerdira arte.
Arthaus Berlin erakundeagaz hasitako alkarlanari esker antolatu ahal izan dabe topaketea Arropaineko Arragukoek. Sorkuntza garaikideko praktiketan prozesu nozinoa azpimarratu nahi dabe: jakina danez, orainaldi erradikal batean finkatutako mundu baten continuum-a da, sortzen daben inguruabarren aldakortasunaren bidez baino zehaztu ezin dana.
Arthaus Berlin LISPA erakundearen oinordekoa da. Londresen sortu eben, eta Alemaniako uriburura aldatzean ipini eutsien izen barria. Zuzendaria Thomas Prattki da, antzerki fisikoaren eszena garaikidearen pedagogorik ospetsuenetarikoa hain zuzen. Berlingo zentroak arte eszenikoetako, ikus-entzunetako, idazkerako, eta abarretako profesionalentzako graduondoko ikasketak eskaintzen ditu.
Abuztuaren 24an Lekeition aurkeztuko diran lanek, kursoa amaitu baino hile bi lehenago, bigarren urteko ikasleei egiten deutsien probokazinoaren erantzuna da. Ikasle bakotxak eskura dituan baliabideakaz proposamen eszeniko bat sortu beharko dau: hemen, orain, zirkunstantzia honeetan, antolatzaileek zehaztu dabenez.
Grezia, Ingalaterra, Belgika, Buenos Aires, Taiwan, India, Israel eta Poloniatik etorritako sortzaileen proposamenak ikusi ahal izango dira, baita Euskal Herrikoenak be, jakina. Danetara, sei antzezlan eta instalazino interaktibo izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!