Bederatzi erakusketa dakarz Expodistritok, abendura arte

Bizkaie! 2019-09-02 09:16   Kulturea

Bilboko barruti guztietara helduko dira hainbat disziplinatako artisten lanak.

Bilboko udaltegietako erakusketa ibiltarien zikloak, Expodistritok, urteko hirugarren lauhilekoko programazinoa hasi dau. Danetara, bederatzi erakusketa izango dira, eta, txandaka, auzo ugaritatik pasauko dira. Abandoko, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietan egongo da Expodistrito oraingoan.

Urteko azken hiruhilekoari ekiteko, hiru pintura-erakusketa eta egurrean egindako figuren beste bat zabaldu ditue gaur, irailak 2. San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak, Bilbon bizi dan Fang Xiao irakasle txinatarraren margolanak hartuko ditu; San Frantziskokoak, José Luis Manzaneten artelanak; eta, Castañosen, talde-erakusketea atondu dau Zirrimarra Artisten eta Artearen Adiskideen Alkarteak bere 18. urteurrenagaitik. José Ignacio Fuentesek egurrean egindako irudiak Abandoko udaltegian ikusi ahal izango dira, hilaren 13ra arte.

Geroago, beste erakusketa batzuk ipiniko ditue: Euskal Akuarelagileen Alkarteko eta Bizkaiko Alkarte Artistikoko kideen erakusketak, esate baterako. Azkenik, hiru argazki-erakusketak biribilduko dabe programazinoa, Laura Sanz de Marco, Cristina Maruri eta Askatasunarteren eskutik. 

Expodistrito Bilboko Udalak antolatzen dau, uriko adierazpen artistikoak deszentralizau eta ikusleei artista gazteen lanak aurkezteko asmoz. Horregaitik, udaltegien sarearen bidez, auzo guztietara eroaten ditue erakusketak. Sartzea doban da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu