Euskal zinemagintzeak 21 film aurkeztuko ditu Zinemaldian
2019-08-30 13:03 ZinemeaHorreetako bederatzi Irizar Saria irabazteko lehiatuko dira.
Euskal egileek sortutako hamazazpi film luzek, ertain batek eta hiru laburrek hartuko dabe parte 67. Donostiako Zinemaldian, hainbat sailetan banatuta, Sail Ofizialetik hasi eta Zabaltegira. Horreetako bederatziren munduko estreinaldia Zinemaldian bertan izango da, eta, beraz, Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazteko hautagai be izango dira.
Zinemiran erakutsiko ditue bertoko pelikula gehien, euskal zinemagintzeari eskainitako saila dan ezkero. Hamar produkzino dagoz aurtengo programazinoan: fikzinoa zein ez-fikzinoa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak ikusi ahal izango dira Zinemiran.
Zinemaldian egongo diran zuzendari beteranoen artean, Asier Altuna eta Telmo Esnal dagoz. 2005eko Aupa Etxebeste! filmaren bigarren zatia, Agur Etxebeste! estreinauko dabe Donostian. Helena Tabernak Varados aurkeztuko dau, eta Fernando Bernuések, Soinujolearen semea, Bernardo Atxagaren nobelan oinarritua.
Zeresana emon daben beste proiektu batzuk dira Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa, Koldo Serraren 70 Binladens eta Kepa Sojoren La pequeña Suiza. Ezin da ahaztu Juanmi Gutierrezen azken filma, Paseko txoriak. Lan hau amaitu eta gitxira hil zan zuzendaria, eta omenaldia egingo deutsie.
Film luzeez gan, hiru euskal film labur egongo dira aurten Zinemaldian: Ion de Sosa eta Chema García Ibarraren Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren Lursaguak saileko pieza bi. Film ertain bakarra Maddi Barberren Urpean lurra izango da.
Beste alde batetik, José María Lara, Txepe, produktoreari Zinemira Saria emongo deutsie, bere ibilbide luzean egindako ekarpena autortzeko. Irailaren 24an, Victoria Eugenia antzokian egingo dan Euskal Zinemearen Galan emongo deutsie saria. Agur Etxebeste! filma be gala horretan estreinauko da. Aurretik, Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramón Agirre (2018) omendu ditu Zinemira Sariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!